Pello Urizar EAko idazkari nagusiak eta Maiorga Ramirez EAko Nafarroako koordinatzaileak gaur eguerdian Iruñean jakitera eman dutenez, Iruñerriko ETBren hedagailuaren auzia Espainiako Auzitegi Nazionalak iker dezala eskatu du Estatuko Abokatuak. Nahiz eta oraindik ez den erabaki auzia Auzitegi Nazionalak hartuko duen, EAk PPren borondate politikoa zein den argi geratu dela gaitzetsi du, batez ere kontuan izanda Auzitegi Nazionalak Euskal Herrian duen "konnotazio politikoa".
Urizarren arabera, arazoaren irtenbideak "sinplea" izan beharko luke, 2009an Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ETB Lurralde Telebista Digital bidez ikustea bermatzeko akordioa egin zutelako. Akordio hori ez da bete, "Nafarroako Gobernuak ez duelako borondaterik adierazi emisio hori bermatzeko".
Urte hasieran EAko militanteek ETB LTB bidez ikusi ahal izateko hedagailua jarri zuten Erreniegan euren kabuz, eta martxoaren 7an Guardia Zibilak zigilatu egin zuen. Urizarren ustez, bai Espainiako Gobernua bai Nafarroakoa "irrigarri" geratu dira berriro, eta euren interesak lehenesten dituzte beste ezeren gainetik.
Ramirezek gogorarazi du Tele Aragonek Nafarroako Opnatel sozietate publiko baten laguntzaz Nafarroako zonalde batzuetan LTD bidez emititzen duela. Horregatik, EAren ustez, ETBren emisioari oztopoak jartzeak adierazten du euskarari "gorrotoa" baino gehiago "beldurra" diotela, gizartearen gehiengoak Nafarroaren berezko hizkuntzatzat har dezakeelako.