Esteban Astarriaga. Biescasko ezbeharreko kaltetua

«Etika kontua zen kaltetu guztiok deitu eta kalte-ordaina denoi ematea»

2011ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Biescaskokanpalekuan (Aragoi, Espainia) jazotako hondamendiko kaltetuetako bat da Esteban Astarriaga (Lizarra, Nafarroa), emaztea eta alaba galdu baitzituen.

Epaitegiz epaitegi ibili behar izan duzu azken hamabost urteotan.

Bai, estamentu publikoen biktima izan naiz; manipulatu egin naute, hasiera-hasieratik. Epaitegiz epaitegi ibili nintzen, eta laugarren urterako, hain nuen nahasia burua, hain nengoen frustratua, dena utzi eta itzuli egin nintzen etxera. Medioen bidez borrokatzen jarraitu nuen orduan.

Giza akatsa izan zela ebatzi zuen Auzitegi Nazionalak 2005ean, baina ez zineten kaltetu guztiak prozesuan.

Kazetari batek deitu ninduen. «Nola da posible borrokatu duzunaren ondoren, kalte-ordaina jasoko dutenen zerrendan zu ez egotea?», galdegin zidan zur eta lur. Uste dut etika kontua zela, behinik behin, kaltu guztiok deitu, eta kalte-ordaina denoi ematea. Alegia, amaieraraino heldu ez ginenok ere, ebazpenaren onura berdintasunez jasotzea.

Kalte-ordaina jaso ez zenuten hamalau familientzat beranduegi zela ebatzi zuen Auzitegi Nazionalak.

Urtetan gurekin jolastu ondoren, nola izan dezakete beraiek beranduegi dela egozteko adorea? Pertsona batzuk presioa jasango zuten, baina beste batzuk, ez. Ikaragarria izan da.

Auzitegi Konstituzionalera joko duzue orain. Baduzue organo horren ebazpenean konfiantzarik?

Espainiako jurisprudentziak gure lekuan jartzeko ahalmena baduela sinestu nahi nuke. Oso zaila da, baina gure lekuan jarriaz, bihotzez erabakiko lukete justua zer den, eta ez paperen gainean. Edonola ere, Konstituzionalak ezezkoa emango digula uste dut, egia esan. Kasu horretan, Estrasburgoko Auzitegira joko dugu, gure giza eskubideak manipulatu, bortxatu eta zapaldu baitituzte. Eta Estrasburgon, azkenik,arrazoi emango digutelakoan nago.

Beste arrazoibide bat ere aurkeztuko zenukete Estrasburgora jotzekotan: epaiketa justu eta azkarrerako eskubidearen urratzea.

Hasiera-hasieratik zekiten giza akatsa izan zela, kanpina hura ez litzakeela leku hartan jarri beharko, eta zorabiatu egin gaituzte. Badakizu zer den hamar urtez epaitegietan eta medioetan ibiltzea, paperak atzera eta aurrera, egun batean bai eta hurrengoan ere bai, beste ezertan pentsatu ezinik?

Konstituzionalak babestu ezean gose grebari ekingo diozula adierazi duzu.

Estrasburgora joan behar badugu, gose greba egingo dut, ziur. Txotxogiloen gisan erabili gaituzte urtetan, eta onartezina da, jasanezina. Indar nahikoa dudala uste dut, eta amaiera arte eutsiko diot grebari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.