Patxi Zabaleta (Aralarreko koordinatzaile nagusia)

Etika, politika eta egia

"Herrien aukerak izar iheslariak bezala dira; argazkia egitekotan prest eta adi egon beharra dago. Euskal Herriko gehiengo aurrerakoi, abertzale eta ezkerzalea zain daukagu aterapide berriak aldarrikatuz. Gezurraren atzean ezkutatzen direnak edo ezberdintasunei soilik begiratzen dietenak ez daude prest etorkizunaren atea irekitzen ari dela ohartzeko".

Patxi Zabaleta (Aralarreko koordinatzaile nagusia)
2011ko azaroaren 17a
10:13
Entzun

"Aralar ezker abertzaleko ildo edo sentsibilitate bat bezala aitortu edo definitu da; inolako salbuespenik gabe: abertzalea eta ezkerra. Esparru politiko hori da Aralarrek beti bere kokapentzat ezagutu duena.

Duela bi urteko Aralarren IV. Biltzar Orokorrean, euskal abertzalegoan bi esparru politiko nagusi daudela baieztatu ondoren, bost urrats edo betebehar zehazten dira ezker abertzale «zibil eta zabala» erdietsi ahal izateko; horietatik garrantzitsuena jakina, borroka armatuaren behin betiko etena da, eta hori zorionez gaur egun eskuratuta dago.

Aurtengo irailaren 17ko V. Biltzar Orokorrean, berriz, Aralarrek berretsi egin du argi eta garbi IV. Kongresuko azterketa politikoa. Gainera, aurreikuspen zehatz bat ezarri dio bere buruari zeregin edo betebehar moduan etorkizuneko ezker abertzalearen eraikuntzari dagokionez, zera hain zuzen ere, ikuspegi eta oinarri etikoak txertatzea. Izan ere, gogoan eduki beharrekoa da Aralarren V. Biltzar Nagusia Gernikako Akordioaren ondoren egindakoa dela eta Akordio horretan jasorik, adosturik eta elkar-partekaturik daude —modu funtzional eta politikoan, alegia— gure irizpide edo printzipioetikoak, zorionez: bide soilik politikoak eta bakea; elkarrizketa eta aniztasuna; politikagintza eta bakegintza bereiztea, eta abar.

Lehenago da etika politika baino. Irizpide horixe da, hain zuzen ere, etorkizuneko ezker abertzalean zehazki txertatu beharrekoa eta horixe da, esan bezala, Aralarren zeregin historikoa. Irizpide horrekin batera, ezkerreko ideologiak, demokraziaren baldintzak eta abertzaletasunaren osagarriak gaurkotu, baliagarri egin eta erakargarri bihurtzea.

Lizarran 1878an jaiotako Don Nestor Zubeldia Inda kanonigo, idazle eta pentsalari azkarrak etikako bere liburuan aztertu bezala, etika egiatik abiatzen da eta elkarrekiko errespetuan garatzen da. Aralarren erabaki guztiak irizpide demokratiko eta etikoetan oinarriturik daude, eta sakonki eztabaidatu eta aztertuz ematen diren aldaketak dira. Ez al da atsegin pozgarria borroka armatua bukatutzat eman izana? Ez al da urrats erraldoia bide soilik politikoen orotariko onarpena? Zergatik arerioz mintzatu, bakea aldaba joka ari zaigunean etorkizunaren atean?

Nestor Zubeldiari bizimodu arazotsua gertatu zitzaion; Frankismoaren garaietan zigortua, jazartua, atxilotua eta desterratua izan zen; baina halere, ondorio eta aztarna sakonak utzi zituen Nafarroan. Izan ere, gizartean bezala politikan eraginkortasunak pentsakeran irauten du. Aralarrek ere, euskal gizartearen zati eta aldi berean tresna den heinean, bakearen atarian gaudela nabari den garai hauetan pozik baino pozikago egoteko arrazoiak dauzka.

Baina gizartearen, herriaren edo edozein erakunderen bilakaeran aldaketak ez dira beti abiadura berdinean egiten. Izan, badira, betidanik aldarrikatzen aritutako hura eskura etortzen zaienean, ez dakitenak zer esan edo zer egin; soilik aldarrikapenerako prestatuak egoki nonbait. Izan, ba omen dira, arkatzez paperean eurek egindako marran ostropozo eginda, lerro gorri gaindi ezina delako ustean lurrera erori eta bertan gelditzen direnak. Eta jakina, izan, badira baita ere, egoera berrietara ohitzeko gai ez direnak eta egoera berria bera ukatzeko tentaldian eror eta amil litezkeenak.

Etika politikaren aurretik eta oinarri bezala aitortu behar den bezala, egia etikaren lehengaia dela onartu beharra dago. Egiak gauzak diren bezala esateaz gaitera, bestea ez engainatzea du ezinbestekotzat. Gaur egungo egoerari buruz aldaketa oro ukatzea ez da egia esatea. Gaur egun Aralarrek bere irizpideak alde batera utzi dituela esatea gezur esatea da, edo okerragoa oraindik, norbera engainatu nahi izatea. Gizarteari adiskidetzeaz eta barkamenaz mintzatzen gatzaizkionok, politikagintzan adiskidetzeko prest egon behar dugu eta ez arerioetaz hitzegin.Adiskidetzeak lehenik gorrotoak gainditzea eskatzen du.

Herrien aukerak izar iheslariak bezala dira; argazkia egitekotan prest eta adi egon beharra dago. Euskal Herriko gehiengo aurrerakoi, abertzale eta ezkerzalea zain daukagu aterapide berriak aldarrikatuz. Gezurraren atzean ezkutatzen direnak edo ezberdintasunei soilik begiratzen dietenak ez daude prest etorkizunaren atea irekitzen ari dela ohartzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.