Etorkinak

Etorkin boliviar bat kanporatzeko agindua bertan behera utzi du Donostiako epaitegi batek

Donostiako epaitegi batek bertan behera utzi du jatorriz boliviarra izan eta Irunen bizi den Gabriela Queteguari Gipuzkoatik botatzeko agindua. Queteguariren kanporatzea iazko azaroaren 3an agindu zuen justiziak, ustez egoitza-baimenaren iraupena gaindituta zuelako. Hala ere, epailearen ustez Queteguari bidaltzeko adina arrazoi ez dago, eta beraz, emakumea ez dute Irundik botako.

2005eko uztailaren 8a
13:36
Entzun
Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkaritzaordetzak etorkinaren auzian arrazoi falta osoz jokatu duela eta, Queteguarik Irunen bizitzen jarraitu ahalko du.

Donostiako epaitegi batek ebatzi duenez, Gipuzkoako Ordezkaritzaordetzak ez du proportzionaltasun printzipioaren arabera jokatu emakume boliviarraren kasuan; hau da, normalean, egoitza baimena ez edukitzeagatik edo iraungitzeagatik ezartzen den zigorra isuna izan ohi da, eta mutur-muturreko kasuetan, salbuespen gisa, erabiltzen da kanporatzea. Queteguariren kasuan, ordea, kanporatzea agindu zuen Gobernuaren ordezkaritzak aurretik beste neurririk hartu gabe.



Hala ere, epaileak baztertu egin du boliviarraren abokatuak, Iñaki Almandozek, aurkeztutako errekurtsoa. Abokatuaren esanetan, emakumearen eskubideak urratu zituzten, haren ordezkaritza legalari ez baitzioten jakinarazi kanporatuko zutela. Halabaina, epaiak dio emakumea jakinaren gainean jarri zutela, bai errekurtsoa non eska zezakeen, baita aurkezteko zuen epea ere. Horregatik, magistratuaren arabera, ez da emakumearen eskubiderik urratu. Dena den, onartzen du emakumea bidaltzeko ez dagoela nahikoa arrazoi. Bestetik, sententziak dio ez dela bidalketaren ordez multa ezarriko.

Auzi honez gain, Queteguarik Administrazioaren aurka erreklamazio bat jarri du, kalte-galerengatik. Eta beste errekurtso bat Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren aurka bere egoera normalizatzeko tramiteak behar bezala ez egiteagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.