Etorkinei iruzur egiten zielakoan epaitutako abokatua errugabetu egin dute

2007ko azaroaren 1a
16:27
Entzun
Nafarroan paperik gabe bizi ziren hainbat ekuadortarrek jo zuten Pilar J.G. abokatu bilbotarrarengana, hain zuzen ere, Espainiako herritartasuna lortzeko asmoz. Etorkin horiek salatu zutenez, 600 euro kobratu zion bakoitzari abokatuak, eta diru horren truke herritartasuna eskuratuko zutela agindu zien. Ez zen halakorik gertatu, ordea, eta Sos Arrazakeriaren laguntzarekin auzitara eraman zuten abokatua, iruzurra egotzita.

Epaimahaiak, ordea, errugabetu egin du Pilar J.G. Etorkinek leporatzen dioten iruzur delitua egiaztatzeko adina frogarik ez dagoela iritzi dio; salaketa jarri zuten etorkinen adierazpenak baino ez daudela, eta hori ez dela nahikoa zigortzeko.

Fiskaltzak 8 urteko espetxe zigorra eskatu zuen abokatuaren kontra, eta mila euroko kalteordaina ustez iruzur egin zion etorkin bakoitzarentzat. Sos Arrazakeriako letratuak, berriz, 12 urteko espetxe zigorra eskatu zuen eta 1.600 euroko kalteordaina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.