Etorkinen % 90ek ez dute jaioterrira itzultzeko asmorik

Nafarroan, hamar pertsonatik lauk uste dute ezberdin tratatzen dituztela immigrante izateagatik

Erredakzioa
Iruñea
2011ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoak euren lan baldintzetan eragin badu ere, Nafarroan bizi diren Espainiaz kanpoko etorkinen %88,7k ez dute datozen bost urteotan jaioterrira itzultzeko asmorik. Datu hori eman du Immigrazioaren Behatoki Iraunkorrak, aurkeztu berri duen azken ikerketan (Krisiaren eragina Nafarroako etorkinen kolektiboan. 2010eko inkesta). Behatokiak etorkinen artean egin duen laugarren ikerketa da, eta krisiak haien baldintzetan zer ondorio izan dituen aztertu du.

Azterketak dioenez, krisi ekonomikoak ez du ekarri Nafarroatik jaioterrira bueltatzeko gogoa hedatzea, eta ezta beste herrialde batera joatekoa ere. Aitzitik, handitu egin da datozen bost urteotan lan bila Espainiako beste erkidegoren batera bizitzera joateko aukera aztertzen ari direnen kopurua —%4,5etik %13,2ra azken azterketa egin zenetik—. Ikerketak dio inkestan parte hartu duten hamar lagunetik hiruk jaioterrira itzultzeko gogoa dutela, baina baliabiderik ez.

Inkestako datuak kontuanizanik, Immigrazioaren Behatoki Iraunkorrak ondorioztatu du epe laburrean eta ertainean immigrazioaren datuak ez direla askorik aldatuko Nafarroan. Ikerketaren arabera, herrialdean geratzeko asmoa erakusten duten beste datu ugari ere badaude; besteak beste, iaetorkin gehienek dute bertan bizitzeko txartel iraunkorra, eta gero eta gehiagok eskuratzen dutenak herritartasun espainiarra.

Era berean, krisiaren ondorioak antzematen hasi zirenetik %53,9k nabaritu dute beren lan baldintzek okerrera egin dutela. Etorkinen ia erdiek (%47,3) krisia hasi baino zor handiagoak dituzte, eta %36,1ek lanposturen bat galdu dute.

Horretaz gain, inkestan parte hartu dutenen %31k diote krisiaren ondorioz ezin izan dituztela senideak Nafarroara ekarri. Ehun lagunetik 35 etxebizitzaz aldatzera derrigortuta egon dira, eta % 22,8k lan erregulazio txostenen bat jasan dute beren lanean.

Kaltetuenak, magrebtarrak

Langabeziak bereziki magrebtar jatorriko pertsonengan eragin duela agertzen du behatokiaren txostenak, eta, batik bat, eraikuntzaren sektorean lan egiten zutenengan. Herritar talde horrek galdu du lanpostu gehien—%53,2k galdu dute lanposturen bat—; era berean, talde horrek izan du 2008tik hona etxebizitza aldatzeko behar handiena (%48,4), eta haiexek osatzen dutebere jabegoko etxeren bat galdu dutenen multzorik handiena (%12,9). Inkestak dio Afrika iparraldetik Nafarroara etorritakoengan bereziki eragin duela krisi ekonomikoak. Beste aldean, Europako Batasuneko beste herrialdeetatik etorritakoek eta espainiar herritartasuna lortu dutenek nabaritu dute gutxien krisiaren ondorioak.

Inkestan parte hartu dutenen %40k diote ezberdin tratatzen dituztela etorkin izateagatik. Tratu ezberdin hori lan eremuan (%24), establezimendu publikoetan (%21) eta kalean (%20,1) nabaritzen dute etorkinek. Oro har, Afrika iparraldetik eta Latinoamerikatik etorritakoek diskriminazio handiagoa nabaritzen dute, Europakoek baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.