Gizartea

Etorkinen aurka Poliziak darabilen tratua salatu du SOS Arrazakeriak

Bilboko udaltzainek atzerritarrekin zer-nolako tratua izaten duten agertzen duen bideo bat zabaldu du taldeak. [Youtube]http://youtu.be/QK67XHZ6Pu8[/Youtube]

Berria.info
2012ko urriaren 17a
15:12
Entzun

Bilbon, poliziek etenik gabe darabiltzate tratu txarrak immigranteen aurka, SOS Arrazakeriak salatu duenez. Bilboko udaltzainek pertsona atzerritar bat identifikatzeko zer tratu erabili zuten erakusten duen bideoa jarri du taldeak Interneten, adibide modura. Horrelako jokabideak ez direla berriak salatu du SOS Arrazakeriak taldeak, eta "sarri" arazoak eragiten dituztenak poliziak direla erantsi du.

Bilduk bat egin du salaketa horrekin gaur; udaltzainen jokabidea "onartezina eta desegokia" dela salatu du Bilduk. Polizia batzuek "giza eskubideen errespeturako oinarrizko arauak" urratzen dituztela iritzita, azalpenak emateko eskatu die udal arduradunei.

SOS Arrazakeriak atzo oroitarazi zuen Iñigo Lamarca arartekoak ere aztertu zuela arazoa. 1998ko urteko txosten batean, Bilboko San Frantzisko auzoan poliziek atzerritarrekin izan ohi zuten jarreraz ohartarazi zuen Arartekoak, eta zenbait gomendio eman.

Gomendio horiek "urtero-urtero" oroitarazi arren, Bilboko Udaleko Herritarren Segurtasuneko Sailak ez dituela aintzat hartu salatu du SOS Arrazakeriak.

Polizien aldetik halakoak maiz gertatzen direla nabarmendu du taldeak. Gogora ekarri du irailaren 28ko gauean ertzainek izan zuten jokabidea. Hainbat pertsona zauritu ziren, borra kolpeen eta zakur hozken erruz, taldearen esanetan.

Poliziek adierazi zuten zenbait pertsona oldartu zitzaizkiela egun hartan. Guztiz bestelako bertsioa eman du SOS Arrazakeriak: "Bizilagunen arabera, arazoak hasi ziren lau agente atzerritar bati jotzen hasi zirenean beren borrekin, pertsona hori kexatu egin zelako haiengana gerturatzean erabili zuten moduaz".

Hogei ertzain izan ziren jazoera haietan, hiru zakurrekin. Poliziek eskuko telefonoak kendu zizkieten lekukoei, eta irudiak ezabatzera behartu zituzten, SOS Arrazakeriaren esanetan.

Gertaera haiek salatzeko, arartekoarengana jo du SOS Arrazakeriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.