Etorkinen aurkako jarrera «gogortu» zen iaz Gipuzkoa, Bizkai eta Araban

SOS Arrazakeriak salatu du zenbait politikarik eskuin muturraren jarrerak barneratu dituela

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2011ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Europa osoan gertatu den modura, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren artean zabaldu egin da atzerritarren aurkako iritzia. Hala jaso du SOS Arrazakeriak iazko balantzearekin ezagutzera eman duen txostenean. Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren estatistikei aipamen eginez, honakoa gogorarazi dute: 2010ean hiru herrialdeotako herritarren %61,4k erantzun zuten etorkinek segurtasunean eragin ezkorra dutela.

SOS Arrazakeriaren ustetan, hainbat alderdi politikoren diskurtsoak jarrera horiek gogortzen lagundu du. «Alderdi tradizional askok orain arte eskuin muturrarenak ziren ideiak bere egin dituzte», ohartarazi du Bizkaiko SOS Arrazakeria taldeko kide Patxi de la Fuentek. Gainera, herritarrak lehen arrazakeriatzat jotzen ziren jarrera batzuk onartzen hasi direla dio: «Zenbait muga gainditu direla ikusi dugu».

Aurtengo kontua izan arren, Gipuzkoako SOS Arrazakeriako kide Silvana Lucianik azken hauteskunde kanpainatik hartu du adibidea: «EAEn, PPk Bilduri eta ezker abertzaleari begira egin zuen ia kanpaina osoa. Baina azken egunetan, bat-batean, gizarte laguntzak jasotzeko eskubidea gutxienez gurean bost urte daramatenek baino ez izatea aipatu zuen». De la Fuenteren esanetan, horrek gainontzeko alderdiei bidea irekitzen die. «Adibidez, Bilboko alkateak esan berri du bere esku dagoen guztia egingo duela meskita ez eraikitzeko, erlijio askatasuna bermatu ordez».

Erakundeen aldetik gizarte eskubideen murrizketa bultzatu dela iruditzen zaie. Iaz EAEn III. Immigrazio Plana martxan jarri behar izan zela gogoratu dute, baina urtea bukatu arte plana egituratzen hasi ere ez zirela egin salatu dute. «Goizenera urte honen bukaerarako egongo da prest». Gainera, Heldu atzerritarren harrerarako Eusko Jaurlaritzak zuen zerbitzuarekin gertatutakoa salatu dute. Uztailean bertan behera uztea erabaki zuen Gemma Zabaleta Gizarte Gaietarako sailburuak. «Itxiera latza izan da, alternatibarik gabea. Etorkinak segurtasunik gabe utzi ditu, ahul, eta euren eskubideak defendatzeko aukerarik gabe geratu dira».

Aurrerantzean Lanbidek hartuko du etorkinei laguntzeko zeregina. «Goiz da oraindik nola jokatuko duten jakiteko, baina argi dago enpleagarritasunari bakarrik erreparatuko diotela, etorkinentzako oso garrantzitsuak diren beste alderdi batzuk alboratuz», hausnartu du De la Fuentek. Lanbideren «egitura burokratikoan galdu ordez» udaletako gizarte laguntzaileen eskutik onura gehiago lortuko lituzketela iruditzen zaio.

Hego Euskal Herrian immigrazioa Espainiako Atzerritarren Legeak arautzen du. Lege hori garatzeko araudia urtebeteko atzerapenarekin gaur bertan sartuko da indarrean. «Tarte honetan etorkinen eskubideak garatu gabe egon dira».

Etorkinen babes falta

Immigrazioaren inguruko eskumenak estatuarenak diren arren, Espainiako Polizia ez den beste segurtasun indarrek kontrol neurrietan gero eta zeresan handiagoa hartzen hasi direla ohartarazi dute. Batez ere udaltzaingoen jarrera nabarmendu nahi izan dute; Donostian eta Bilbon azken aldian izandako istiluak gogorarazi dituzte.

De la Fuentek modu honetan laburbildu du administrazioen jarduna: «Albistea argia da: Ez dira arazoak konpontzeko neurriak hartu. Iazkoa trantsizio urtea izan zen. Berez, aurten jarriko dira indarrean araudi, plan eta enparauak».

Kalean, berriz, gatazka gutxi sortu direla diote. Hala ere, kopuruari ez, horien larritasunari erreparatu nahi izan diote. Bereziki Zugaztietan (Trapagaran, Bizkaia) gertatutakoa nabarmendu dute. Familia ijito batek herri osoaren jazarpena pairatu behar izan zuela azaldu dute. Gainontzean, hiru eraso xenofobo oroitarazi dituzte.

Krisiaren eta gobernuen jazarpenaren ondorioz, immigrazioaren joan-etorriak aldatu egin direla azaldu du Lucianik. Iaz Europako Batasunera iritsitako etorkinen %90 Greziara iritsi ziren. Horrek gainontzeko herrialdeetan etorkinen kopuruan igoera apalagoak egotea ekarri du.

EAEn, gutxi bada ere, igo egin da atzerritarren zenbatekoa. «Populazio egonkorra da, eta, jatorriari dagokionez, askotarikoa».Espainiako Lan eta Immigrazio Ministerioaren datuen arabera, aurten urtarrilaren 1ean EAEn 144.551 atzerritar zeuden erroldatuta. Alegia, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %6,6 ziren atzerritarrak. Hamarretik lau Europako Batasunekoak ziren, eta gainontzeko seiak beste herrialde batzuetakoak. «Gehienek geratzeko asmoa dute, baina gizarteak ez du hori ulertzen edo onartzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.