Etorkinen botoa emateko eskubidearen aldeko aldarria

600 bat lagunek hartu zuten parte herenegun Pasaia eta Donostia arteko arrazakeriaren aurkako martxan

Herenegun arrazakeriaren aurka egindako martxa. SOS ARRAZAKERIA.
Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
«Eskubide politikorik gabe ez dago gizarteratzerik». Etorkinen bozkatzeko eskubidea aldarrikatu zuten herenegun ehunka lagunek, arrazakeriaren aurka, urtero Pasaiako Trintxerpe auzoa (Gipuzkoa) eta Donostia artean egin ohi den martxan. Hauteskunde eguna irudikatuz, bozketa bat egin zuten amaieran. Etorkinek parte hartu ahal izan zuten bozketa bat.

Aurten, 54 elkartek babestu dute martxa, iaz baino zortzi gehiagok. Euria egin arren, 600 bat lagunek hartu zuten parte martxan. Udal eta foru hauteskundeak gertu egonik, gogorarazi zuten Espainiako Konstituzioko 13.2 artikuluak botoa emateko eta aukeratuak izateko eskubidea aitortzen diela etorkinei, betiere haien sorterriko herrialdearekin elkarrekikotasun akordio bat sinatuta badago. «Azken baldintza hori kentzea eskatzen dugu, baztertzailea eta bidegabea baita. Izan ere, ez zaizkie eskubide politiko berdinak aitortzen etorkin guztiei». Datozen hauteskundeetarako halako hamar akordio daude sinatuta: Bolivia, Txile, Kolonbia, Ekuador, Paraguai, Peru, Islandia, Norvegia, Cabo Verde eta Zeelanda Berriarekin, hain zuzen.

Nabarmendu zuten, gainera, kasu askotan etorkinen sorterri horietan ez dela «hauteskunde demokratikorik» egiten. «Hemen bozkatu ezin ahal izatea zigor bikoitza da haientzat, beraz».

Hala, martxaren antolatzaileek beharrezkoa ikusten dute legea aldatzea. «Hemen bizitzea nahikoa izan beharko luke. Izan ere, bizilekua da herritartasunaren oinarria, gure ustez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.