Etorkinen legea gogortu du Frantziako Parlamentuak

Azken hamarkadan frantziar herritartasuna lortu duten etorkinek galdu egingo dute hilketa bat eginez gero

Aitor Renteria.
Baiona
2010eko urriaren 14a
00:00
Entzun
Frantziako Parlamentuak etorkinen legea gogortu du; legeak 294 boz ukan ditu alde, eta 239 kontra. Xedeak zatiketa eragin du eskuineko alderdien artean. Zentristek eta UMPko zenbait diputatuk ez dute botorik eman. Parlamentuak gogortu egin du Eric Besson Immigrazio ministroak aurkezturiko xedea, eta orain Frantziako Senatuak aztertu beharko du lege xedea. Zazpi urtean bost aldaketa eragin dizkiote etorkinen legeari.

Dakartzan aldaketen artean, hara nabarmenenetariko bat: polizia, jendarme edo suhiltzaile bat hiltzen duen etorkinari frantziar herritartasuna ken diezaiokete engoitik, baldin eta azken hamar urteotan lortu baldin badu. Parisko auzo herrietan gertatu liskarren ondoren deliberatu zuen Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak etorkinen gaineko legea gehiago gogortzea.

Giza eskubideen aldeko erakundeek eta ezkerreko alderdiek gogor gaitzetsi dute legea. Eskuin muturraren aldarriak bere egitea leporatu diote Frantziako Gobernuari. Batetik, frantsesen artean bi herritartasun maila sortzea leporatzen diote; bertzetik, Konstituzioak agintzen duen berdintasun eredua haustea. «Aipatzen diren aldaketa teknikoen gibelean errepresioaren logika zorrotza gordetzen da; gizartea urratuko du, eta herritarren arteko liskarrak eraginen ditu», azaldu du etorkinen eskubideez arduratzen den Cimade elkarteak.

Europa eta nazioarteko legeak urratzen dituela gaineratu du elkarteak. Izan ere, Afrikako hainbat herrik ez dute herritartasun bikoitza onartzen, eta frantziar herritartasuna lortzean, jatorrizkoa kentzen diote pertsona horri. Frantziako Gobernuak herritartasuna kenduko balie, aberririk gabekoak lirateke, eta legediak ez du egoera hori onartzen .

Europara itzultzeko debekua

Frantziatik ateratzeko agindua betetzen ez duten etorkinen kasuan, zigor bikoitza jarri du Frantziako Parlamentuak. Alde batetik, legea bete eta kanporatuko ditu, eta bertze alde batetik, Europara itzultzeko debekua ezarriko die, bi eta bost urte artekoa.

Eri dauden etorkinek ere baldintza gogorragoak ukanen dituzte. Duten eritasunaren kontrako tratamendurik bada haien herrietan, ez da kanporatzeko eragozpenik izanen. Frantziako legeak ez du kontuan hartuko eriak botikak erosteko aski diru duen edo ez. Gisa berean, urruti bizitzea edo garraiorik ez ukaitea ez da kontuan hartuko.

Ezkontza grisak ere zigortuko ditu legeak. Orain artean ez zegoen horrelako kontzepturik Frantziako legean. Frantzian bizitzeko agiriak lortzeko egindako ezkontzak zuriak deitzen ziren, eta legeak zigortzen zituen. Bi aldeek interes ekonomikoa edo legea urratzeko interesa ukaitea zigortzen zuen legeak. Ezkontza grisen kasuan, bietako batek agirien interesa izatea zigortzen du legeak. Bertze partea maitasunez ezkondu dela aintzat hartzen du, eta kasu horretan, ezkontza interesatua izan dela. Ohartzen delarik, parte horrek auzitara jotzeko eskubidea ukanen du.

Giza eskubideen aldeko elkarteen iritziz, lege horrek ateak irekitzen dizkio gehiegikeriei, eta legea interes jakin batzuen aginduetara jartzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.