Atzo 11 urte bete ziren ETAk Fernando Buesa Arabako buruzagi sozialista eta harekin zihoan Jorge Diez ertzaina atentatuz hil zituela, Gasteizen. Urtero legez, gertakari hori gogoan izan zuen PSE-EEk, atentatuaren tokian lore eskaintza eta omenaldia eginez. Patxi Lopez lehendakaria buru zela, alderdi eta erakundeetako ordezkaritza zabala izan zen eguerdiko omenaldian. Lehendakariak biktimak oroitu zituen bertan. «Euskadi biktimen oroitzapena eta gertatutakoaren egia aintzat hartuta eraikiko da», adierazi zuen. Haren esanetan, biktimen aldeko ekitaldiak ezinbestekoak dira,«oroimen, erreparazio eta justizia ekintzak» direlako.
Lehendakariaren ustez, Fernando Buesaren eta Jorge Diezen memoriari bizirik eustea funtsezkoa da, baita Euskal Herrian «aro politiko berria irekitzeko itxaropena» sortzen ari denean ere. Izan ere, haren esanetan «biktimen printzipioek eta sendotasun demokratikoak» egin dute posible bake bidean aurrera egitea. Bide horretan «okerrik» ez egitea espero duela esan zuen lehendakariak, gauzak «ongi» egin nahi dituelako. «ETAk ez dio Fernandori aro berri hau ikusten utzi, baina une hau berea ere bada, gurea den moduan».
Idoia Mendia Jaurlaritzako eledunak ere bake itxaropena izan zuen ahotan, Buesa gogoan hartuta. Gobernu kontseiluaren osteko agerraldian Mendiak esan zuen bake bidean lorpen handiak erdietsi direla azken urteotan, baina Buesak deseatzen zuen bakea lortu arte lan egiten jarraitu behar dela. «Demokratok bataila irabazten ari gara», erantsi zuen.
Goizean ez ezik, arratsaldean ere Buesari eta Diezi omenaldia egin zitzaien Gasteizko Principal antzokian. Bertan, Natividad Rodriguez Buesaren alarguna bake itxaropenaz mintzatu zen, eta «bizikidetza berria» eraikitzeko deia egin zuen.
Etorkizuna «biktimen oroimena» aintzat hartuta eraikiko dela dio Lopezek
Fernando Buesa eta Jorge Diez omendu zituen atzo PSE-EEk, ETAk hil zitueneko 11. urtemugan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu