Egiten duten horretan sinetsi egiten dute Jon Maia filmaren zuzendariak eta Angel Oiarbide Nazioen Munduko kideak. Nabaritu egiten da filmean, eta nabaritu egiten zaie haiekin hitz egitean. Gustura daude egindakoarekin, eta beldurra eta jakin-mina ere badute izango duten harrerarekin.
Zer espero duzue lortzea dokumentalarekin? Zein helburu duzue?
ANGEL OIARBIDE: Gure pauso guztiek helburu bat izan dute: oinarri demokratikotzat eta topagunetzat dugun erabakitzeko eskubidea geroz eta zabalagoa eta oinarri sendoagokoa izatea. Dokumental hau ere bide horretan egin dugu. Gure asmoa da erakustea posible baino gehiago beharrezkoa dela, Goierrin eta Idiazabalen egin bezala, Euskal Herriko txoko guztietan horrelako topaguneak sortzea. Horrek osasuntsuagoa bihurtuko du gizartea eta pentsamolde desberdinetako pertsonen arteko harremana.
[Oiarbideri] Zure eta EAJko zinegotzi Asier Oiarbideren arteko harremanean hasten da hau guztia. Biok diozue ez zela posible izango elkarrenganako konfiantzarik ez bazenute. Politikarien artean ba al dago konfiantza hori?
A. OIARBIDE: Zurrunbilo batean egon gara, ezin arnastu zitekeen giro batean. Azkenean, alderdi politikoak gizartearen isla besterik ez dira. Gure asmoa herritarren arteko konplizitateak sortzea da. Jarrai diezaiokegun eredu bat topatu dugu. Eskoziako eredua egokia da. Erresuma Batuko gizartean, oinarrizko gaietan kontsentsu komunak dituzte, eta jende ezberdinak bat egiten du. Seguru asko, alderdi politikoak horren isla dira. Garrantzitsuena oinarria da; gizartean posible bada kohesio hori, hori islatu egingo da alderdi politikoetan berandu baino lehenago.
Politikarien beharrik ez al dago?
A. OIARBIDE: Bai, noski. Hemen ez dago inor sobran. Ekipo indartsu bat sortu behar dugu: herritarrak, alderdi politikoak, instituzioak eta beste guztiak. Familia batekoak gara, gizarteko kideak. Baten bati pentsarazi diogu alderdi politikoei zerbait leporatzeko ekinbidea dela hau, haiek atzean jarri nahi ditugula. Baina gure asmoa ez da hori; gure asmoa protagonismoa herritarrek hartzea da. Alderdiek tresnak izan behar dute, herritarren tresna. Baina hori ez gertatzearen errua ez dute alderdiek; herritarrok daukagu, dena delegatzen diegulako. Baina etorkizuna gure eskuetan dago, gure ardura da. Zer izan daiteke gizarte arduratsu bat? Zertara irits daiteke? Ardurak geure gain hartzen baditugu, horrek askoz protagonistago izatera bultzatzen gaitu.
Filmean diozue lokatzetatik atera eta garbitu egin nahi duzuela.
A. OIARBIDE: Iruditzen zait pasatuko direla urte batzuk eta atzera begiratu eta esango dutela: 'Nola bizi zineten horrela? Zer gertatzen zer gizarte horretan?'. Kooperatibak aurrera ateratzeko elkartu eta kapaz gara denok arraunean aritzeko norabide berean. Familietan ere pentsaera bateko baino gehiagoko jendea dago... Non dago gezur hori, ezinezkotzat jotzen dena elkar ulertzea hainbeste sufrimendu sorrarazi duen gatazkaren muinari heltzeko? Sinetsita geunden hori normala zela. Orain, adibide bat daukagu. Erresuma Batuan demokraziarako bidean 200 urteko bidea duen herri batek autodeterminazioa izatea normaltzat jotzen dugu, eta hemen ezinezkoa da! Baina gizarteko beste arlo guztietan bat egiten du hainbat pentsamoldetako jendeak!
Idiazabal eta Eskoziaren arteko konexioa grabatzen ari zinetela, zurrunbiloa lehertu zen, eta grabatzen jarraitzea erabaki zenuten. Noiz erabaki zenuten amaitzea?
JON MAIA: Ikusten genuen gertakizun politikoak dokumentalaren hari nagusi bihurtuz gero hau ez zela bukatuko, hasi besterik ez delako egin. Gainera, tranpa batean eroriko ginateke; berriz ere jarriko ginateke ez dakit non biltzen diren batzuek zer erabakitzen duten zain. Oso argi geneukan hemen protagonistak herritarrak direla, kaleko jendea. Kasu honetan Angel, Ander, Lurdes... Egunero beren lana bukatu eta gizartearekiko ardura bat sentitzen dutelako arazo bat konpontzen saiatzen direnak, beren leku txikitik. Beraz, argi geneukan dokumentalaren harira itzuli behar genuela. Aieteko bake konferentzia gertatu zen eta armak uzteko ETAren erabakia etorri zen —dokumentala grabatzen hasi ginenean inondik ere espero ez genituen bi gertaera—. Horraino egindakoa ondo zegoela iruditzen zitzaigun, eta errematea eman behar geniola erabaki genuen.
Nola?
J. MAIA: Bukaera bat pentsatu genuen, non etorkizunari begira jartzen gaituen, non muga psikologiko batzuk puskatzen dituen. Ezinezkorik ez dagoela erakutsi nahi genuen, eta ikusleari ikusarazi zein izan daitekeen etorkizuna. Guk probokatutako bukaera bat da. Nazioen Munduaren sinesgarritasuna da, gertatu den guztia gertatu aurretik hasi zutela bidea. Eta zer ikusten da oso garbi? Beren garaiari aurrea hartu ziotela, bai Eskozia inoren begiradapean egon aurretik hasi zirelako han lanean eta bai hemen erabakitzeko eskubidea plazaratu zutelako blokeo giro gatazkatsu batean. Herritarrari esaten dio gertakizunen aurretik joan daitekeela, ez dugula zain egon behar, gure ordez zer erabakiko zain. Guk har dezakegu ekimena.
Grabaketa modu berezia du filmak.
J. MAIA:Making offildo bat eman diogu guztiari, nola egin dugun jakiteko. Dokumentala egitea bera esfortzu handi bat izan da Nazioen Munduarentzat, eta egitea bera ere herri ekimen bat da. Dokumentalean oso garrantzitsua da benetakotasuna. Zigilu batdauka; oso benetakoa da. Oso autentikoa. Naturaltasun handiarekin egina. Nik uste dokumentalaren edukia eta forma bat eginda doazela alde horretatik. Forma oso hurbila dauka. Etxeko kamerarekin beraiek urteetan grabatutako orduak eta orduak ikusi ditugu... Geu ere azaltzen gara. Oso natural doa. Eskasiak ere ez ditugu tapatzen. Ez geneukan helikopteroa kontratatzeko dirurik, eta Marron lagunari deitu genion, parapente bat daukalako. Gabeziak bertute bihurtzen saiatu gara, eta horrek sinesgarritasuna ematen dio haien diskurtsoari.
Aurrerantzean lanean jarraituko duzue, ezta?
A. OIARBIDE: Momentu historiko batean gaude. Ez bakarrik Euskal Herrian. Hemen aro berri baten hasieran gaudela denok esaten dugu, baina guk uste dugu aro berria ez dela hasi. Horretarako pieza guztiak mahai gainean daude, baina horrek ziklo oso bat iraun behar du. Olatu hori oraindik ez da hasi. Hasteko garaia da, ez bakarrik Euskal Herrian, baita Europan ere. Begira Eskoziari. Erreferenduma egin behar dutela esaten dute, eta ez du inolako arazorik sortzen. Nola da posible? Hemen arazo larria dena, eta hamarkadetako sufrimendua sortzen duena, han normaltasuna da. Antsia sortu zitzaigun han zer gertatzen den jakiteko. Horrela hasi ginen. Eskoziako olatua aprobetxatu egin behar da. Gizartea sentsibilizatuta baldin badago eta horren kontzientzia baldin badu, olatuak posizio hobe batera eramango gaitu, eta olatua badator! 2014ra begira olatu hori aprobetxatzeko prestatu beharra daukagu. Txikiak gara, eta aprobetxatu egin behar ditugu datozen olatuak.
Jon Maia eta Angel Oiarbide. Filmaren zuzendaria eta Nazioen Munduko kidea
«Etorkizuna gure esku dago, gure ardura da. Noraino irits daiteke gizarte arduratsu bat?»
Grinaz hitz egiten dute egindakoaz. Badakite tanta txikia dela, baina «tsunami» handira bidean tanta asko batzeko ahaleginean ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu