Aurrera jarraitu. Lodosako (Nafarroa) Ibaialde ikastolako gurasoek eta irakasleek bertzerik ez dute nahi. Eta halaxe azpimarratu dute. Ikastolan bertan bat egin dute. Egungoek, bai eta duela 25 urte ikastola sortu zutenekoek ere. Mende laurdenean bidean harri anitz aurkitu dutela azpimarratu dute, baina beti egin dutela aurrera bide horretan. Eta oraingoan ere lortuko dutela zalantzarik ez dute. «Ikastola ezin da itxi». Zentroko aurreneko presidente Luis Miguel Martinezenak dira hitzak. Otsailaren 5ean besta eginen dute Sartagudan (Nafarroa). Orain artekoa eta, batez ere, etorkizuna ospatzeko asmoz.
Biziki zaila da oraingo garaia Ibaialdeko guztientzat. Egoera ekonomiko larriak anitz estutu ditu gurasoak eta langileak. 53 familiak osatzen dute eskola, eta eskualde osoko 73 ikasle dituzte. Bederatzi irakasle eta idazkaria daude lantaldean, eta haietako bakar batek ere ez du jaso azken lau hilabeteotan jaso beharreko soldata osoa. Haietako lauzpabost, gainera, esku hutsik gelditu dira. Haien lanpostuak hitzartuta ez daudenez, sosik ez dute kobratu.
«Une zail asko izan ditugu, baina oraingoa, benetan, oso-oso larria da». Arantxa Arizek erran ditu hitzok. Haur Hezkuntzako hirugarren mailako irakaslea da. Hura da lau hilabetez deus kobratu ez duten irakasleetako bat. Iruñe ondotik, Getzetik egiten du egunero Lodosara bidaia. «Ni duela hamalau urte hasi nintzen ikastola honetan lanean; aurrera egin behar dugu».
Irakasleen ahalegina bereziki eskertu du ikastolako egungo presidente Ana Mendizabalek. «Haiei esker itzuli ahal izan zuten geletara gure haurrek urtarrilaren 9an». Gurasoek egin behar izaten dutena ere ez dela makala gaineratu du. Ahalegin ekonomikoa da gehienetan. «Jantokia gurasook ordaintzen dugu, adibidez». Hemezortzi hilabete eta 12 urte bitarteko neska-mutilak hartzen ditu ikastolak. 12 urte betetzen dituztenean, Lizarrako ikastolan jarraitzen dituzte Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak. «Bidaia gurasook ordaintzen dugu».
Babesa eskertu
Ahalegina aipatu du Mendizabalek. Egungo egoera «zail, ezeroso eta larriari» aurre egiteko ahalegina. Ahalegin horren ondorio da, hain zuzen ere, otsailaren 5erako ikastolako kideek prestatu duten besta. Bete berri duten mende laurdena ospatu nahi dute, eta, aldi berean, tunela argitzen lagun dezakeen dirua bildu. Hogei egun eskasean antolatu dute jaialdia. «Euskal Herriko talde, elkarte eta abarren erantzuna sekulakoa izan da; denentzako tokirik ez dugu, baina jendaurrean eskertu nahi dugu denen aldetik jaso dugun babesa». Ikastolen Elkarteak atzo bertan Ibaialde ikastolaren alde egindako Euro bat, marrazki bat egitasmoa ere eskertu zuen, bai eta elkartasun kutxatik orain arte jasotako laguntza ere.
Txarangak, dantzak, bertsolariak, herri bazkaria eta bertze izanen dira Sartagudan, otsailaren 5ean. Eguneko lehen ekitaldia nabarmendu du, hala ere, Ibaialdeko egungo zuzendari Iñigo Telleriak. «Omenaldia eginen diegu ikastola martxan jarri zuten gurasoei eta irakasleei». Luis Miguel Martinez izan zen guraso horietako bat. 1986-87ko ikasturtean bost ikaslerekin jarri zen martxan ikastola Sartagudan. Lodosan, 1991n hasi zen Muskaria ikastolaren bidea. 2001-2002ko ikasturtean bat egin zuten, eta batasun horren ondorio da egungo Ibaialde ikastola. Martinezek berak, ikastolako aurreneko irakasle izan zen Mari Paz Iturbek eta hasiera hartako bost ikasleek jasoko dute otsailaren 5eko omenaldia.
Hasierako urte haiek gogora ekarri dituzte Iturbek eta Martinezek. Orduan egin behar izan zuten lana. «Hemen ez baitzen euskaraz egiten», erran du Iturbek. Bereziki gogoan du irakasleak 1987. urteko udan Azpeitia, Legazpi (Gipuzkoa) eta bertze hainbat herritako ikastoletako haur talde bat izan zela herrian. «Hamabost egun egon ziren gurekin; oso garrantzitsua izan zen herriko jendearentzat haurrak euskaraz entzutea».
Ikastolako bost ikasleentzat ere bai. Haietako bat zen Beatriz Martinez. Egun, Ibaialde ikastolako ikasle den 4 urteko mutiko baten ama da. Ezin izan die malkoei eutsi. Iturbe izan zen haren lehendabiziko irakaslea, eta utzitako arrastoa handia dela sumatzen zaio. «3 urterekin hasi ginen, eta gogoan dudan gauza bakarra da Mari Paz beti egoten zela gurekin. Ikastolak euskara eman zigun, eta nire semeari gauza bera eman nahi diot», erran du Martinezek.
Eremu ez-euskaldunean
Ikastolaren lanari esker, euskara jada ez da arrotz Lodosan, Sartagudan eta inguruko herrietan. Ez, behintzat, lehen bezala. Horixe azpimarratu du Iturbek, baina argi utzi du urrats bakoitza egiteko lana gogorra izan dela. «Lautada gorrian loratu den kimua da euskara, haize hotz eta bortitzen artean». Kimuak fruituak eman dituela gaineratu du irakasleak, baina oraindik jarraitzen duela haize hotz eta bortitzek inguratuta. 1986-87ko ikasturtean sortu zuten ikastola, eta zentroak bezala mende laurdena bete berri duen euskararen legea ekarri du gogora Iturbek. «Eremu ez-euskaldunean utzi gintuen lege horrek».
Ibaialde ikastolako hasierako eta oraingo kideek lanean jarraitu nahi dutelako bat egin dute. Eta argi utzi dute zentroak kalitatezko irakaskuntzarekin duen konpromisoari eutsi diola. Egungo egoerak otsailaren 6an hasiko den aurrematrikulazio kanpainan eraginik izanen duen beldur dira ikastolan. Kezkatzen ditu horrek. Eta horregatik ere antolatu dute Sartagudako besta. «Aurrera eginen dugula, eta kalitatezko hezkuntza eskaintzen jarraituko dugula bermatu nahi diegu gurasoei; une honetan izan ditzaketen zalantzak uxatu», erran du Mendizabalek. Egungo gurasoek bat egin dute ikastolako presidentearekin. Haien artean, Beatriz Martinezek. «Nafarroan gaude; euskara eduki behar dugu denok. Ikastola ez da itxiko», azpimarratu du.
Otsailaren 5a bitarte zer egin anitz dute Ibaialdeko kide guztiek. Egun osoko besta bilakatu da hasieran 25. urteurrena lagun artean ospatzeko pentsatutako ekitaldia. Egoerak bultzatu ditu zentroko kideak bertze urrats bat egitera. Asmo horretan Sartagudako, Lodosako eta Andosillako udalek emandako laguntza eskertu du ikastolak. «Sartagudako Udalak herri osoa eskaini digu. Herriko azpiegitura guztiak erabiltzeko aukera eman digu. Lodosa eta Andosilla ere parte hartzen ari dira besta prestatzeko lanetan».
Ikastolan agerikoa da bestak piztu duena. Laguntza behar-beharrezkoa dute Ibaialden, eta dena ongi aterako dela bertzerik ez dute pentsatu nahi. «Hunkituta gaude denok», aitortu du Mendizabalek. Hunkituta, besta egiteko, eta egungo egoera estua atzean uzteko gogoz. 25 urteko ibilbidean oraingoa da inoiz bidean aurkitu duten harririk handiena. Kostatzen ari zaie haren gainetik jauzi egitea. Otsailaren 5ean egingo duten bestak behar duten bultzada emanen diela espero dute Ibaialde ikastolako kideek.
Hezkuntza. Ikastolak krisiaren aurrean
Etorkizuna ospatzeko besta
Otsailaren 5ean jaialdi bat eginen dute Lodosako Ibaialde ikastolako kideek, egoera ekonomiko larria arintzekoJasotako elkartasuna eskertu dute; hainbat irakaslek lau hilabete egin dute kobratu gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu