INGURUMENA

Etorkizunean Garoña berraktibatzeko aukera kritikatu dute EAJk, PSEk eta EH Bilduk

Itxiera babestu dute, baina ez dute begi onez ikusten gobernuak Garoña berriz ere martxan jartzeko beharrezkoak diren neurri normatiboak hartzeko ahalegina egitea.

2013ko uztailaren 6a
13:54
Entzun

Garoñaren jarduna eten dute, baina ez da segurua etorkizunean berriz ere martxan jarriko ez dutenik. Zentral nuklearra arrazoi ekonomikoek eta ez segurtasunezkoek bultzatuta itxi dute  EAJ, PSE eta EH Bilduren ustez, eta hori da, hain zuzen, etorkizunean berriz ere irekitzeko aukerari ateak irekitzen dizkiona. 42 urte martxan egon da Garoña, baina gaur agortu da zeukan jardunerako kontratua, eta eraiste aurreko fasean sartuko da bihar. Dena den, jardunaren etetea behin-behinekoa da oraingoz, arrazoi ekonomikoek bultzatuta hartu baitute erabakia: etorkizunean berriz ere martxan jartzeko aukera dago.

EH Bilduk Garoñaren eraispen prozesua "berehala" has dezan exijitu dio Espainiako Gobernuari. PPk Santa Maria zentral nuklearraren itxiera sinatu ostean egindako agerraldi batean, Madrilgo Kongresuan EH Bilduren ordezkari diren Xabier Mikel Errekondok eta Rafa Larreinak jarduera etetea ez dela nahikoa azpimarratu dute: "Madrilgo gobernuak orain sinatu du dekretu hori, baina Arabak urteak eta urteak daramatza hori eskatzen. Zoritxarrez Alderdi Popularrak zuen azken hitza. Gure ustez dekretu hau ez da nahikoa: ez gara fidatzen eta horretarako arrazoi ugari ditugu".

PSEren idazkari nagusi Txarli Prietok adierazi du 2013an Garoña itxiko zutela aurreikusi zuen gobernu sozialistak, eta haren ustez orain gertatzen ari dena horrek markatutako bide-orriari jarraiki betetzen ari da. Prietoren ustez, agerian geratu da energia nuklearra ez dela behar bat, aukera bat baizik. Garoñaren momentuko itxiera, baina etorkizunean irekitzeko aukerak erakusten du PP Nuklenorren aurrean makurtu dela: "Gai honi dagokionez, zenbait gezur oso arriskutsuak dira, arazoa ez baita soilik ekonomikoa. Nuklenorrek ehundaka milioi inbertitu behar lituzke zentral nuklearra berriz ere martxan jarri ahal izateko, Europako Batasunak horretarako eskatzen dituen baldintzak betez.

PPk, berriz, EAJ eta PSEri egotzi die zentral nuklearren bizitza 40 urtera arte luzatzea adostu izana. Alderdi sozialistari leporatu dio Espainian dauden zentral nuklearrak jarri eta bultzatu izana. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.