Guztien lehendakaria izango dela adierazi du Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak: Eusko Jaurlaritzako martxoko hauteskundeetan bere aldeko botoa eman zutenen eta beste alderdi bat bozkatu zutenenena, hain zuzen ere. Gainera, etorkizuneko lehendakariaren zilegitasuna dudan jartzea ez duela onartuko adierazi du.
Eusko Jaurlaritza berria, PP eta PSE-EEk eratu dezaketena -bi alderdien Legebiltzarreko eserlekuekin gehiengoa dute- ez dela frontista izango azaldu du. Gainera lehendakaritzan PSE-EEk bakarrik gobernatuko duela ere nabarmendu du. Horretarako, bere alderdiari erabakiak hartzerako garaian babesa eskatu dio. Hala, erabakiak ez direla alderdiaren interesei begira egingo azaldu du, baizik eta gizarte osoaren nahiei begira.
Horrez gain, PPren eta PSE-EEren arteko akordioaz ere mintzatu da Lopez. Hitzarmenaren helburua Eusko Jaurlaritza berriari egonkortasuna ematea dela adierazi du. PSE-EEren oinarrien edo herritarren aurkako edozein politika baztertuko duela ere nabarmendu du. Gainera, Eusko Legebiltzarrean Jesus Loza lehen idazkaria eta Blanca Roncal presidenteordea izango direla jakinarazi du Lopezek.
Bestalde, etzi jakinaraziko du PPk Eusko Legebiltzarreko presidente izateko hautagaia nor izango den. Kargu hori betetzeko ordezkari nagusiak Arantza Quiroga, Laura Garrido eta Leopoldo Barreda dira. Azken horrek, PP eta PSE-EEren arteko akordioari aipamena eginez, hitzarmena ez dutela lehendakaritzatik inor botatzeko egin adierazi du.
PSE-EEk eta PPk beste bilera egin dute gaur, eta akordioa lortu dutela jakinarazi dute. "Oinarri politikoak eta lehentasunezko helburuak" adostu dituzte biek, Rodolfo Ares PSE-EEk antolakuntza idazkariaren arabera.
Etorkizuneko Eusko Jaurlaritza
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopez sozialista izango da -beti EAJko kidea izan da lehendakari-, eta PPren esku geldituko da Eusko Legebiltzarreko presidentetza. PSE-EEk bi postu izango ditu Mahaian, eta beste biak EAJ, Aralar, EB eta EAren artean banatuko dituzte. Apirilaren 3an egingo dute osoko bilkura.
PSE-EEk eta PPk gehiengo osoa izango dute Legebiltzarrean (25 eta 13 aulki), beti ere martxoaren 1eko hauteskundeetako emaitza ofizialen arabera. Izan ere, Espainiako Justiziak D3M baleko jo izan balu, eta honen botoak kontuan hartuta (100.000 boz, 7 aulki), ez lukete izango gehiengo osoa.
Euskal Herria
Etorkizuneko lehendakariaren zilegitasuna zalantzan jartzea ez duela onartuko adierazi du Lopezek
PSE-EE alderdiko idazkari nagusiak martxoaren 1eko hauteskundeetan bere aldeko botoa eman zutenen edo beste alderdi bat bozkatu zutenen lehendakaria izango dela adierazi du Bilboko Euskalduna jauregian gaur egin duten batzarrean. Bestalde, etzi jakinaraziko du PPk Eusko Legebiltzarreko presidente izateko hautagaia nor izango den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu