Azaroak 20. Enpatia.
Facing The Enemy du izenburua Pat Magee-ren eta Jo Berry-ren harremanari buruzko dokumentalak. Etsaiaren aurrean.
Magee IRAko militantea izan zen, eta, 1984an, berak jarritako lehergailuak bost lagun hil zituen Brightongo Grand Hotel-en, alderdi kontserbadorearen bilkura batean. Haien artean zegoen Anthony Berry legebiltzarkide kontserbadorea, Jo Berryren aita. Bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zioten Mageeri atxilotu eta epaitu zutenean, hamahiru urte egin zituen barruan, eta 1999an aske utzi zuten, Ostiral Santuko Akordioen osteko prozesuan. Handik urtebetera, Jo Berryk proposatuta, elkar ezagutu zuten. Elkar ulertzen saiatu ziren, eta haien esperientzien berri eman dute han eta hemen geroztik. Euskal Herrian ere egon izan dira, joan den ekainean azkenengoz, Sabino Arana Fundazioak gonbidatuta. Haien mezu nagusia: bestearen lekuan jartzen saiatzeak, bestearen mina edo arrazoiak ulertzen ahalegintzeak lagundu egin diela barruan zeukaten mina bideratzen eta indar positibo bihurtzen.
Kasu bakana da, noski. Salbuespena. Muturreko adibidea. Nekez, eredua. Adiskidetze prozesuak edo elkarbizitzarako pausoek ez daukate zertan horren urruti iritsi. Baina enpatiaren garrantzia ekartzen du gogora.
Eta enpatiaz jokatu dute Cristina Sagarzazuk eta Rosa Roderok, Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren etxekoen eta lagunen minarekin bat egin dutenean. ETAk alargun egin zituen, baina min izugarri horrek ez ditu itsutu bestearen sufrimendua ere ikusteko. Keinu xume baten bitartez, bide berri bat urratu dute, bi norabidekoa izan beharko lukeen bidea.
Azaroak 21. Zaila.
Rodriguez Zapaterori elkarrizketa luze-zabal horietako bat, igandean, El País egunkarian. Hitz bakarra, Arnaldo Otegiri egunkari berak egindako elkarrizketari buruz galdetu dionean kazetariak: «Interesgarria». Ondoren, legeztatzearen auzia:
- Euskal ezker independentistak udal hauteskundeetara aurkezterik izango du?
- Zaila.
- Eta autonomikoetara?
- Zaila. Egin behar dutena egiten badute, legeak eskatzen duena egiten badute, aukera izango lukete. Baina nik zaila ikusten dut, ETAk ez badu egiten zerbait oso ikusgarria, oso behin betikoa; eta, egia esan, itxaropenik ez dugu jarria horretan.
Zaila, beraz, baina ez ezinezkoa, Espainiako Gobernuko presidentearen hitzetan ere.
Azaroak 24. Aurkari politiko.
Rodero eta Sagarzazu ere salbuespenak dira. Eduardo Puelles ETAk hildako poliziaren anaiak, Josuk, «terrorismoa legitimatzen zuen» ekitaldi batean parte hartzea leporatu die Montxo Doral eta Joseba Goikoetxea ertzainen alargunei, gutun ireki batean.
Eta «terrorismoaren deslegitimazioa» dute kezka nagusi ETAren biktimen elkarte gehienek, aste honetan plazaratutako adierazpenean agertu dutenez. Gatazkaren irtenbide elkarrizketatua bideratuko lukeen edozein neurri hartzea ETA legitimatzea litzateke. Horregatik, ate guztiak itxi behar zaizkio halako irtenbide bati, politikan parte hartzeko aukerarik gabe utzi behar da ezker abertzalea, eta kartzeletako ziega guztiak zazpi giltzarekin itxi behar dira, garaileen eta garaituen bukaerak baino ez baitu balioko. Ez dira, gainera, ETAren bitartekoak bakarrik deslegitimatu behar, baita helburuak ere.
Gizartearen aitortza eta elkartasuna merezi dute biktima guztiek, baina elkarte hauek, adierazpen honetan aldarrikatu dituzten jarrera politikoekin, irtenbide elkarrizketatua bultzatzen ari direnen aurkari politikoaren lekua hartu dute.
Azaroak 25. Gipuzkoako inkesta.
Inork ez luke inkesta baten emaitza hutsengatik etxafuegorik bota beharko, ezta inoren hil kanpaiak jotzen hasi ere. Baina baten batek tentazio horiek izango zituen, Gipuzkoako Foru Aldundiak plazaratu duen inkestari erreparatuta.
Deigarriena: EAk, bere txikian, H1ek baino lau aldiz boto gehiago jasoko lituzke, eta hiru batzarkide lortu; H1, berriz, Batzar Nagusietatik kanpo geldituko litzateke. Ezker abertzalearekin elkarlanean egindako apustuarekin EAk burua pixka bat altxatzea lortu duela dirudi. Eta H1, aldiz, sumatzen hasia da nazionalismo instituzionalaren eremuan EAJren babesetik kanpo hotz izugarria egiten duela.
Gernikako Akordioko beste bi alderdiak indartsuago ageri dira inkestan: 9 batzarkide Batasunaren oinordekoek, 5 Aralarrek. Hiruren aurreikuspenak bat eginda, EAJ herrialdeko lehen indarraren gainetik leudeke, aldearekin, bai botoetan bai ordezkaritzan: botoen %24 eta 14 ordezkari EAJk, botoen %32 eta 17 ordezkari hirukoteak.
Baina jakina da: gezurrak datoz aurrena, gezur handiak gero, eta inkestak, azkenik.
Etsaiaren aurrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu