ETAren agiria

«Etsi ez, eutsi egin behar diogu»

2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Hona hemen ETAk kaleratutako agiriaren zati batzuk:

ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, Gudari Egunaren karira, Euskal Herriaren askatasunaren alde aritu eta aritzen diren guztiak gogora ekarri nahi ditu (...)

(...) Askapen prozesuaren egoera aztertzerakoan Euskal Herrian zabal-zabalik den aldaketa prozesua eta, zehazki, ETAk iazko urrian borroka armatuaren behin betiko amaieraren iragarpena nabarmendu behar dira (...).

Erabaki haren helburuak:

- Batetik, estatuek gatazka betikotzeko zuten asmotik ihes egin eta behin betiko konponbideari atea zabaltzea (...).

- Bestetik, askatasunaren aldeko borrokarekin jarraitzeko agertoki onuragarriagoa eskuratzea (...).

Konponbideari dagokionez, ez Espainiak ez Frantziak ez dute oraino urrats baikorrik egin.

(...) Etsigarria izan daiteke bakea eraikitzeko zenbat urrats egin ditugun eta Euskal Herria zapaltzen duten estatuek darabilten jarrera soilik behatuz gero. Are eta gehiago sufrimenduaren gurpilak jiraka jarraitzen duenean. Haatik, etsi ez, eutsi egin behar diogu, indarkeriaren eta zentzugabekeriaren aurrean konponbiderako arrazoizko bideak daudela aldarrikatuz eta Frantzia eta Espainia konponbidera erakartzeko herri presioa biderkatuz. (...) Beren itxikeriak gero eta babes gutxiago du Euskal Herrian eta nazioartean. Gatazka elikatzen duten jarrerak alboratzeko eta urrats eraikitzaileak emateko Espainia eta Frantziari zuzendutako eskaerak gero eta ozenagoak dira. Honetan sakontzea gakoa izango da (...). Bakea Euskal Herrian bertan eraiki beharreko prozesuaren emaitza ere bada. Urteetako gatazkak ireki dituen zauriak sendatu eta elkarrizketa eta akordiorako esparruak zabaltzeko unea da, guztion artean bake egonkor eta iraunkorraren zutoinak eraikitzeko.

Bigarren helburuari dagokionez (...). Egunez egun, aldaketa politiko eta soziala helburu duen egitasmoa sendotuz doa; indar berriak biltzen eta esparru berrietara iristen ari da. Egindako hautuaren eraginkortasuna eta aurrera begira zabaltzen dituen aukerak erakusten dizkigu.

Erratuko ginateke, ordea, egindakoarekin asebete eta aurrean ditugun erronkei ekiteko aski prestaturik gaudela ebatziko bagenu. Horrela, estrategia aldaketaren gaitasuna aldez aurretik mugatu baino ez genuke egingo.

Ezker abertzaleak egindako hautuan zerbait nabarmentzen bada, irabazteko anbizioa da. Edo bestela esanda, gure proiektu politikoa urratsez urrats bururaino eramateko erabakitasuna. Ezker abertzaleak askapen prozesua norantza onean kokatu duela esan dezakegu, baina, oraindik orain, bidearen hasieran baino ez gaude.

Hortaz, ibilbidean antzematen ditugun akatsak zuzentzeko eta hutsuneak gainditzeko egokitzapenak egitearekin batera, dagoeneko ageri zaizkigun eta etortzeke dauden erronka berriei erantzuteko prestatu behar da ezker abertzalea. Horretarako, nazio eraikuntzarako indar berriak atxiki, lan moldeak findu, proposamen politikoekin asmatu eta antolakuntza bitarteko egokiak garatu behar ditugu guztion artean.(...)

- ETAk gatazka gainditzeko zabaltzen ari garen konponbide aukerarekin eta, oro har, askapen prozesuarekin erabateko konpromisoa duela berretsi nahi du.

- ETAk independentista eta iraultzaile orori dei egiten dio ezker abertzaleko antolakundeetan eta herri mugimenduan antolatu eta Euskal Herriaren aldeko borrokan murgil dadin.

Helburu handiak soilik neurri bereko ahalegin eta konpromisoarekin bideratu daitezkeelako, ekin borrokari!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.