"Etsigarria" iritzi dio Laura Mintegi EH Bilduren legebiltzarreko bozeramaileak egonkortasuna bermatzeko Urkulluren eskaintzari. "Ez du ezer berria eskaintzen", eta zeharra dena berri bezala aurkezten du, eta gainera, ekonomia eta enplegua suspertzeko "partidak gutxiagotzen" ditu. "Telefonoa libre" izango dute, hala ere, EH Bildukoek, hitz egiteko.
Denok akordioetara deitu aurretik, EAJk PSErekin eta PPrekin zituen asmoen gainean aritu da Mintegi. Herri akordioa proposatzerakoan EH Bildu legebiltzarreko bigarren indarra kanpora uztea salatu du Laura Mintegi bozeramaileak. "Ulertezina" da harentzat "aitzakia horren pobrea" erabiltzea kanpora uzteko, alegia, datorren maiatzaren 30eko grebara joateko deialdiardekin bat egin izana erabiltzea. EAJk proposatzen dituen herri akordioei buruz, "herri hitzarmena" egiteko prest dago EH Bildu. Hitzarmena alderdi politikoekin ez ezik eragile sozial guztiekin egiteko prest dago. Herri akordioak, haren ustez, ezin dira izan "alderdiek, alderdiekin, alderdientzat" egindako akordioak. "Herri akordioak ezin dira herririk gabe egin", gerrikoa estutzean oinarritzen den politika ekonomikoa eginez.
EAJk PSE-EEri eta PPri herri akordioa eskaini die, baina estatus propioari buruz ari da, eta proposamen horrek ere agerikoak ditu ahultasunak, EH BIlduren ustez. Prozesu parte hartzailea "agertu eta desagertu" egiten dela kritikatu du, eta galdeketa prozesuari datarik ez jartzea ere leporatu dio. EAJren estatus propioaren proposamenaz galdegin du Mintegik. "Ez dakit zer den hori", EAJk egindako proposamena irakurrita ere. "Jakin nahi nuke lehengo etxea margotu eta kolore berria ematea den, edo etxe propioa eraikitzea den". Iraganeko, 1990eko hamarkadako politiketara itzultzeak ez du zentzurik harentzat; alderdien arteko akordioak alde batera utzi eta egungo gizarteak eskatzen duen mailara egongo dena nahi du. Abertzaleen arteko batasunari ere galdegin dio Mintegik.
Proposamen ekonomikoari buruz, "iparrik gabe eta brujula galduta" dabil EAJ, EH Bilduren ustez. EAJren hiru mito erori direla azaldu du Mintegik: kudeatzaile onarena, akordioetarako gaitasunarena eta nazionalismotik politika eredu bakarraren egilearena. Ez du uste gaitasun horiek dituenik, besteak beste, aurrekontuak ezin izan dituelako aurrera atera.