MAIATZAK 1

Etxaide: "Euskal Herria krisitik irten daiteke, Euskal Herrian inbertitzen bada"

Eskualdeka bildu da LAB, eta Durangon hartu du hitza sindikatuko idazkari nagusiak. ELAko buruzagi Adolfo Muñozek, berriz, Bilbon esan du "borroka kolektiboa ezinbestekoa" dela eta sindikatuek "kontzientziak astindu" behar dituztela.

2013ko maiatzaren 1a
17:29
Entzun

Bestelako enplegu politikak eskatuko dituzte sindikatuek eta herritarrek gaur, langileen egunez. Mobilizazio ugari prestatu dituzte gaurko, eta maiatzaren 30erako deitutako greba orokorrak izan dezakeen babesaren neurgailu izan daitezke gaurko protestak.

11:30ean hartu du hitza Adolfo Muñoz Txiki ELAko idazkari nagusiak, sindikatu horrek Bilbon egingo duen manifestazioa hasi aurretik. "Mobilizazioa beste biderik" ez dagoela eta "borroka kolektiboa ezinbestekoa" dela esan du Muñozek, eta ohartarazi du sindikatuak "kontzientzia astintzeko" daudela. Izan ere, esan duenez, klase politikoa kontzientziak "lokartzen" saiatzen ari da.

Margaret Thatcher Erresuma Batuko lehen ministro ohiaren heriotza izan du gogoan: "Thatcher hil da, baina pentsaera eta praxi politikoa Europako politikan oso hedatuta daude". Horren harira, azaldu du politika "kapitalaren menpe" dagoela, eta politika "matxinatzeko" eskatu du.

Euskal Herriko egoeraz ere jardun du Muñozek. "Gaur euskal Tea Partyak fiskalitatea ezartzen du. Zera eskatzen diogu: presio fiskala Europako Batasuneko batez bestera inguratu; iruzurra jazarri". Confebaski kritika egin dio, eta oroitarazi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lortutako hitzarmen sektorialak Confebaskekoak ez diren patronalekin egin dituztela.

Eskubide sozialen alde lelopean elkartu da ELA, Jesusen Bihotzetik abiatuta. Sindikatuko iturrien arabera, 13.000 pertsona batu dira.

LAB, eskualdeka

LABek, berriz, hainbat manifestazio antolatu ditu gaurko, Borrokatu, matxinatu eta irauli Euskal Herria lelopean. Eskualdeka batuko dira, Donibane Garazin ez beste hiriburu guztietan egingo dituzten mobilizazioez gain. Durangon izan da Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia, eta bertan nabarmendu du enplegua sortzeko eta industria biziberritzeko beharra. Salatu du industria suntsitzen ari direla ez "krisi baten erdian gaudelako", baizik eta "erabaki politikoak" ari direla egungo egoera eragiten. "Euskal Herria krisitik irten daiteke, Euskal Herrian inbertitzen bada".

Donostian, jendetza elkartu da LABek deitutako martxan. Bulebarretik abiatu dira, eta, besteak beste, ”banketxeak lapurrak” oihukatu eta bengala gorriak atera dituzte Kutxabanken egoitzaren ondotik igaro direnean. Amaieran, Lourdes Eraso sindikatuaren ordezkariak langileen borroka txalotu, Madrilen erreformak zuzenean betetzea salatu eta grebarako deia egin du.

Milaz gora lagun bildu dira Baionan CGT, FSU eta Solidaires sindikatuek deitu manifestaziora. Intersindikaletik baztertua izanik, han izan da LAB sindikatua. Lan merkatuaren erreformaren gaitzespena izan da Maiatzaren 1 honetan luzaturiko mezu nagusia. Lan merkatuaren erreforma proposamen baten inguruan ados jarri ziren urtarrilean patronalerako MEDEF, CGPME, UPA eta langileriarentzat CFDT, CFTC eta CFE-CGC sindikatuak; FOk eta CGTk, haatik, ez zuten izenpetu.

CCOO eta UGT, batuta

CCOOk eta UGTk, bestalde, Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen antolatu dituzte protestak. Ez dute mugarik. Antolatu. Defendatu zure eskubideak lelopean joan dira 12:00etatik aurrera. Bilbon, Jesusen Bihotzean jarri dute hitzordua; Donostian, Alderdi Ederren; Iruñean, bi sindikatuetako egoitzetan; eta Gasteizen, Andre Mari Zuriaren plazan.

Iruñean egin duten manifestazioan defendatu dute "krisitik irteteko beste modu bat" dagoela eta modu hori "hazkundearen alde apustu egitea" dela. 7.000 pertsona inguruk hartu dute parte martxan, antolatzaileen arabera. Nafarroako Gobernuaren arabera, ordea, 3.500 inguru aritu dira protestan.

ESK, CGT-LKN eta EILAS sindikatuek, berriz, batera ospatu dute langilearen eguna. Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian egin ditu manifestazioak. Bilbon, 11:30ean; Iruñean, 12:00etan; eta Donostian eta Gasteizen, 12:30ean. Solidari eta CNT batu zaizkie Iruñeko martxan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.