Azken asteotan gizarte laguntzez asko hitz egiten ari dela uste du LABek, baina okerreko arrazoiengatik hitz egiten dela. Sindikatu abertzaleak iritzi dio batzuk ustez laguntza horietan gertatzen den iruzurraz mintzatzen direla, baina laguntza horien eskasiaz hitz egin behar dela. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak gaur Donostian esan duenez, iruzurrari buruzko debateak "larrialdi egoeren ugaritzea ezkutatu nahi du". Haren esanetan, okerrera egingo du egoerak hurrengo hilabeteotan, gero eta gehiago direlako langabezia saria agortu duten herritarrak, eta lana duten askok oinarrizko errentaren laguntza behar dutelako, "izugarri kontratu prekarioak dituzten langileak" ugaritzen ari direlako.
Eusko Jaurlaritzak egoera horri ematen dion erantzuna ez da nahikoa, LABek uste duenez. Diru Sarrerak Bermatzeko Errentarako aurreikusi dituen 461 milioi euroak urrirako amaituko direla kalkulatu du Etxaidek, eta gehiago jarri beharko duela. Gainera, kexu da laguntza hori jasotzeko baldintzak bete arren milaka lagunek ez dutela eskuratzen, inork ez dielako esan eskubide hori dutela. "Ezkutatu egiten zaie", Etxaideren hitzetan. Hutsune hori bete nahi du, hein batean, LABek prestatu duen zerbitzuen eta diru laguntzen gidak.
Datorren ostegunean bilduko den Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak gizarte laguntzen auzia konpontzeko ez duela balioko esan du Etxaidek. Are okerrago, "arazoa ezkutatuko du". LABek eta ELAk uko egin diote negoziazio horietan esku hartzeari, benetako arazoei buruz irtenbideak bilatzeko balioko ez duelakoan eta Eusko Jaurlaritzaren politika zuritzeko saioa delakoan.