Zarata eta zarata. Atzo, Euskal Memoria Fundazioak egindako sufrimenduaren mapa aurkeztu zuen Etxarri Aranazko Udalak, eta, gaur, haren gainean hitz egin du Ana Beltran PPko parlamentariak. "Nafarroak ez du merezi Ana Ollo bezalako kontseilari bat, ez duzu lotsarik", mintzatu zaio. Txosten horretan "biktimak eta borreroak" parekatzen direla eta gobernuak lan hori finantzatu duela salatu du Beltranek.
PPren ekimenez bertaratu da gaur parlamentuan Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilaria. Haren esanetan, "inondik inora" gobernuak ez ditu parekatzen biktimak borreroekin. "Isil ari gara lanean, nahiz eta PPk hori ezkutatu nahi duen". Hain zuzen ere, datorren martxoaren 11n ETAren biktimek aitortza jasoko dute.
Ollok azaldu duenez, 90.000 euroko laguntza deialdi bat atera zuten memoria historikoa, bakea eta bizikidetza arloko lanak sustatzeko, eta, Etxarrik ez ezik, beste hemezortzi udalek jaso dute laguntza. Olloren arabera, Etxarriko Udalaren enkarguz egindako lana "ez da Nafarroako Gobernurena", eta ez dagokio hari baloratzea. Azpimarratu du txostenak, besteak beste, ETAren hilketa bat aipatzen duela, Jesus Ulaiar alkate ohiaren aurkakoa. "Oso zorrotza izan behar zara zure jardueran, batez ere kargu publikoa baduzu, eta are gehiago terrorismoaren biktimez mintzo bagara. Ez da lehen aldia PP modu larrian erratzen dela".
Eskuinaren kritika
Zorroztasunerako dei horrek ez dio enbarazurik egin Beltrani. "Batasunaren kontseilaria" izatea aurpegiratu dio Ollori. ETAren biktimei min egitea aurpegiratu dio.
UPNko Iñaki Iriarteren arabera, "aurreikuspenik beltzenak" bete dira txostenarekin. "Belaunaldi berriei infernuaren berri ematerakoan oso zintzoak izan behar gara, eta horrek esan nahi du eskubide urraketa bakar bat ere ez alboratzea edo isiltzea, egiten zuenak egiten zuela. Hala ere, horrek ezin gaitzake eraman astakeria hau errepikatzera eta esatera Euskal Herrian gatazka politikoa izan zela, mingarria izan zela eta errealitatea faltsutzen duen minaren mapa bat osatzea, Jesus Ulaiar haren hiltzailearekin parekatuz".
Geroa Baiko Virginia Alemani "erabat bidegabeak" iruditu zaizkio kontseilariaren aurkako hitzak. EH Bilduko Bakartxo Ruizen arabera, berriz, "zarata asko eta lan gutxi" entzun da batzordean. Ahal Dugu-ko Laura Perezek ez du ikusten zein den arazoa. "Ez dira biktima batzuek besteen aurka jarri behar, bizikidetzari asko eragin diezaiokeelako horrek. Txostenak irekirik eta odoletan den zauri horretan jartzen du hatza". Horregatik garrantzitsutzat jo du. "Herria barkamenaren beharrean dago".
PSNko Inma Juriok aipatu du iaz oso kritiko agertu zela deialdi horrekin. "Ematen du zaku berean sartu nahi direla sufrimendu guztiak eta zergatik guztiak". Bere ustez, memoria politika publikoak ezin dira "sentsibilitate bateko edo besteko udalen menpe utzi". Ezkerrako Marisa de Simonen arabera, berriz, Gobernuari dagokio iragan hurbileko historia beltzaren inguruko lidergoa hartzea eta Parlamentuak zaindu egin behar du departamenduak emandako diruz egindako txostenak helburuei jarraitu ote dien. "Oinarrizko deritzogu memoria zaintzea, kontakizun partekatu bat izatea eta zubiak eraikitzea. Baina zubiek ez dute ezertarako balio, zeharkatu nahi ez duten alderdiak badaude".