Etxe bakartuen babes eremua erdira jaitsi du Ehizaren Legeak

Eusko Jaurlaritzak 200 metroko segurtasun gunea proposatu zuen eraikin bakartuentzat, baina Eusko Legebiltzarrak, 100 metrokoaEhiza barrutietako zaindari pribatuei botere handiagoa ematea eztabaidatuko dute

Herriguneetatik urrundutako eraikinekiko 100 metro utzi beharko dituzte ehiza xehean; larrian, 200. BERRIA.
Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak ehiztarien eskaerei men egin die ehizaren EAEko legea aurrera eramateko. Ehiza eremuetan bakartuta dauden etxeen inguruan —baserriak, txaletak, aterpetxeak...—ehun metroko segurtasun eremua uzteko aginduko du legeak ehiza xehean diharduten ehiztarientzat, eta 200 metrokoa ehiza larrikoentzat. Ekologistek eta abeltzainek 300 metro eskatu zituzten, eta Eusko Jaurlaritzak 200 proposatu zituen lege proiektuan. Legebiltzarreko lan taldeak 150 metrora murriztu zuen, eta, azkenik, Ingurumen Batzordeak ehun metroan utzi du, ehiztarien eskaerekin bat eginez.

Martxoa bukatu aurretik Ehizaren Legea eztabaidatuko dute osoko bilkuran, eta orduan azken aldaketak egiteko aukera izango dute taldeek. Ordea, Ingurumen Batzordeak atzo onartutako eremuaren murrizketak ez du aldaketarik izango. PSE-EE, PP eta EAJren aldeko botoekin onartu zen erdibideko zuzenketa, eta Aralar izan zen kontra bozkatu zuen bakarra; talde mistoko inor ez zen bozketan egon.

Jendea bizi daitekeen toki bakartuen segurtasun eremua murriztu arren, Eusko Jaurlaritzaren proposameneko gainontzeko eremuak bere horretan mantenduko dira. Hirigune, landagune, nekazaritza turismo, parke, kirolgune, lehentasunezko nekazaritza ustiategi eta kanpalekuen inguruan 200 metroko segurtasun eremua mantenduko da. Aireportu eta instalazio militarren kasuan, haien araudi berezien arabera zehaztuko da segurtasun tartea.

Bidegorri eta bide berdeen inguruan 20 metroko eremua egongo da, eta trenbide, erabilera publikoko bide eta ibaien inguruan, 50 metroko gunea. Ehiztariek ezin izango dute segurtasun eremu baterantz tiro egin, jaurtigaia bertan sar badaiteke. Hau da, eremuei bizkarra eman beharko diete tiro egitean, Ingurumen Batzordeak onartutako testuaren arabera.

Zaindari pribatuen eztabaida

Ehizaren Legearen muina erabakita dago, baina garrantzia duten eztabaida batzuk falta dira oraindik ere. Hala, ehiza barrutien zaindari pribatuen boterea handitzeko eskatuko du PPk osoko bilkuran. Foru aldundietako zaindariek autoritate maila dute, baina zaindari pribatuek ez, eta horrek desorekak sortzen dituela dio PPk. Legebiltzar taldeek egoera aztertuko dutela aurreratu, eta osoko bilkuran azken erabakia hartuko dute.

Dagoeneko hitzartuta dauden aldaketak onartu dituzte legebiltzar taldeek. Aldundiaren ehiza barrutien kudeaketari dagozkio horietako batzuk, barrutirik ez duten ehiztariek ehizatzeko aukera izan dezaten. Aldundiek poltsa bat osatuko dute ehiztari horiekin, eta ehiza barruti sozialetan libre dauden lekuak emango dizkie, zozketa bidez.

Aldundiak kudeatuko dituen barruti horien lekuen erdiak probintziako ehiztarientzat izango dira, eta beste erdiak, probintziaz kanpokoentzat. Bertakoentzako lekuak ez badira betetzen, kanpoko ehiztariei eskaini beharko dizkie aldundi bakoitzak.

Ehizaren Legearen garapena foru aldundien esku geldituko da, hein handi batean. Zori egunetan ehiza automatikoki debekatzeko protokoloa egin beharko dute, eta ehiza barrutietako zaindarien kopurua ere zehaztu beharko dute; legearen arabera, 20.000 eta 30.000 hektareako zaindari bat behar da derrigorrean, eremuaren ezaugarrien arabera.

Ehiza sasoian hiltzen diren ehizakien berri eman beharko diote aldundiek Eusko Jaurlaritzari, ehiza errolda egin dezan. Horrez gain, arau-hausteen erregistroa egin beharko du Jaurlaritzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.