Hainbat lagun elkartu dira gaur goizean Donostiako Santa Maria elizaren atarian. Parte Zaharraren erdi-erdian dago, Abuztuaren 31 kaleak eta Kale Nagusiak bat egiten duten tokian. Bertan batu direnek jakinarazi dute hainbat aste daramatzatela justu hortxe aurrean dagoen etxebizitza bat okupatzen, eta hortxe jarraitu nahi dutela, eraikin horretan hotel bat egitea eragozteko. "Beldurra ematen digu Parte Zaharreko bihotzean hotel bat eraikitzeko asmoa dutela jakiteak. Horregatik diogu fobia turismoari", adierazi dute.
Lehendik ere ostatu asko dituen enpresaburu baten asmoa da, agerraldian jakinarazi dutenez, hotela egitea, eta horrenbesteko pilaketak saihestu behar direla adierazi dute. "Zer jasoko dugu langile klaseek? Argi eduki ez dugula aberastasunik jasoko, baizik eta lan prekarioa eta gure auzoetatik kanporatzea". Deitoratu dute Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ez dutela deus egin egitasmoa gerarazteko. "Udal gobernuaren esku geratuko da hark eremu saturatu izendatu auzoaren erdian hotel bat eraikitzeko baimena ematea".