Gaur, Gasteizen eta Lekeition egitekoak ziren bi etxe kaleratze bertan behera geratu dira. Eguerdian, Gasteizko Vascongaden Plazan gauzatu behar zuten etxe kaleratzea bertan behera geratu da. Ertzaintzak hala jakinarazi dio etxeko jabeari kaleratu zain zegoela. 200 lagun baino gehiago bildu dira, eta “gelditu daitezke” oihuekin hartu dute albistea.
Kaleratzeak STOP plataformak jakinarazi du gizartearen "presioari" esker lortu dela inor etxetik ez kaleratzea, eta lan horretan jarraitzeko asmoa azaldu du. Bide batez, Kutxabanken jokabidea salatu du, jakinarazitako akordioak ez dituelako bete eta etxetik bota behar zuten emakumearen tentsioa ahalbideratu duelako. Halaber, Javier Maroto Gasteizko alkateak garrantzia kendu dio bizilagunek egindako ekimenari; hain zuzen ere, Marotok Twitter bidez, goizean goiz, jakinarazi du kaleratzea geldirik zegoela Kutxabankeko arduradunekin izandako elkarrizketen ondorioz.
Leikitiokoa, berriz, udalak eta Elizak akordio bat eginda lortu da; Eliza baitzen etxebizitzaren jabea. “Behin-behineko” erabakia dela jakinarazi dute; “oraindik zer baldintza eta epetan izango den adosteko baitago etxearen ugazaba direnekin”.
Lekeitioko Herri Asanbladak herritarrei eskerrak eman dizkie, egindako “presio eta lanagatik”, eta beste hainbat eragileri ere esker ona azaldu die: "Aipatzekoa da ere etxe kaleratze hau geldiarazteko orduan herritarren presioak pisu handia izan duela, baina baita gaiaren inguruan eskumena izan duten bestelako eragileekin izandako koordinazioak ere". Hala ere, “borrokan” jarraitu beharko dutela adierazi dute.