Etxea izateko eskubidea unibertsala dela eta bermatu beharra dagoela adierazi du Ezker Batua-Berdeak alderdiko Bizkaiko zerrendaburu Raquel Modubarrek. EBko dozena bat militante inguruk elkarretaratzea egin dute Kutxabanken egoitza nagusian, Bilbon, etxe kaleratzeak salatzeko. Egoitzara sartu nahi zuten, baina utzi ez dietenez, kanpoan egin dute elkarretaratzea. Ondoren etorri da Modubar, eta lege bat egitea proposatu du, etxebizitza eskubidea bermatu eta bankuei jendea euren etxeetatik botatzea galarazteko.
EBko lehendakarigaiak salatu du «hipokrita» dela bankuen jarrera: «Laguntza publikoak jaso, eta krisiaren biktima diren pertsona eta familiak kaleratzen dituzte». Bankarien aurkako leloak oihukatu dituzte bertan bildutakoek.
Bestalde, Bizkaiko zerrendaburu Jose Navasek esan du enplegua, krisiaren ondorioak eta ongizate estatuaren galera direla «erronka nagusiak» EBrentzat; «baita euskal gizartearentzat ere», gaineratu du. Horrela, Navasek lau alderdi nagusien jarrera salatu du, «eztabaida soziala lausotzen» ari direlakoan, independentziari buruzko eztabaidarekin. «Batu ezin diren elementuak dira», esan du, eta gaineratu du PPri, PSE-EEri eta EAJri ez zaiela interesatzen gai horietaz hitz egitea. EH Bildu haien «saltsan» dabilela kritikatu du, ironiaz: «Haren diskurtsoa dena konpontzen duen antidotoa da».
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Ezker Batua
Etxe kaleratzeak bultzatzea galarazi nahi die EBk bankuei, legez
Etxea izateko eskubidea bermatzeko lege bat eskatu du Modubarrek, Kutxabankek Bilbon duen egoitza aurrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu