Etxean beteko du espetxe zigorra Ibon Iparragirrek, hainbat baldintzekin

Bere borondatezko alta sinatu behar izan du gela arruntean jar dezaten; gaua etxean igaro, eta ospitalera itzuliko da

Ibon Iparragirreren askatasuna eskatzeko Ondarroan egindako protesta bat. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Duen gaixotasun larriaren ondorioz, zigorra etxean betetzeko baimena eman dio Espetxeetarako Zuzendaritzak Ibon Iparragirre presoari. Hala ere, atzo gaua iritsi arte ez zen bere egoera argitu. Izan ere, Basurtuko Ospitaleak presoentzat espresuki duen aparteko gunean mantentzeko agindua eman zuten bere zaintzan aritu diren ertzainek. Preso, ertzainen zaintzapean eta bakarrik izan zuten ia 21:30ak arte. Azkenean, Iparragirrek borondatezko alta sinatzea erabaki zuen, eta, ertzainek berriz espetxera eramango zutela esanda mehatxu egin zioten arren, etxera joan ahal izan zuen azkenik. Gaur itzuliko da ospitalera, baina gela arrunt batera.

Eskaera horixe izan zuen egun osoko borroka Iparragirrek. Izan ere, Espetxeetako Zaintzak zigor arindua jasotzeko eskubidea goizean onartu zion arren, ospitalean preso mantendu zuten gaua arte, eta ospitaletik atera artean hala izango zutela esan zioten.

Hainbat baldintza jarri dizkio Espetxeetako Zaintzak zigorra etxean betetzeko. Etengabe zaintzapean izateko gailu elektronikoa jarriko diote, ezingo da etxetik irten tratamendua jasotzeko ez bada, hamabostero Basauriko espetxean aurkeztu beharko du, eta ezingo du inolako mobilizaziotan parte hartu. Baldintza gogorrak onartu eta sinatu zituzten presoak eta emazteak, eguerdian.

Baina, senideek azaldu zutenez, neurria gauzatuta presoa ospitaleko gune arruntera eramateko eskatu zutenean hasi ziren arazoak. Ospitalean iraun bitartean presoentzako gunean jarraituko zuela esan zioten Iparragirreri. Bere borondatez senda-agiria hartzea pentsatu zuen, orduan, gaur berriz ospitalera joateko baldintzarekin. Ospitaleko gune arruntera eramango lukete horrela. Baina aukera horri ezezkoa eman, eta mehatxu egin zioten ertzainek. Alta sinatuko balu, berriz espetxera eramango luketela esan zioten, eta tratamendua jasotzeko ezarrita dituen hitzordu guztiak galduko lituzkeela.

Tratamendua galtzeko beldurra soinean izan arren, alta bere borondatez sinatzea erabaki zuen presoak, ospitaleko gune berezi horretan espetxean baino egoera okerragoan zutela argudiatuta.

21:30ak aldera atera zen ospitaletik, etxera bidean. Gaur jarraipenerako gailua jarriko diote etxean, eta ospitalera joango da ondoren, tratamendua jasotzera. Han geratuko da, baina gela arruntean, medikuek alta eman arte.

LAB-ek, bestetik, gogor salatu du Basurtuko Ospitaleko Zuzendaritzak Iparragirrerekiko izan duen jarrera. Preso izan dutenean eskubideak urratu dizkiotela, oinutsik izan dutela eta arroparik ez diotela eman salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.