Erasoa

Etxean egindako lehergailu bat jarri dute PSEren hautagai baten autoan, Zarautzen

Huts egin du, eta, ondorioz, ez du kalterik eragin autoan. Joxean Elola Getariko Udalerako PSE-EEren zerrendako bigarrenaren autoari egin diote eraso. 20:15ean elkarretaratzea egingo dute erasoa gaitzesteko, Zarauzko Udalak antolatuta. Erasotzaileek diote "PSOEk PNVren laguntzaz prozesu demokratikoa suntsitzeko daraman jokabidea salatzeko ekintza" izan dela.

2007ko maiatzaren 24a
16:35
Entzun
Etxean egindako lehergailu batek aurkitu dute Zarautzen (Gipuzkoa), Getariko Udalerako PSE-EEren hautagai den Joxean Elolaren autoaren azpian. Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak agertu duenez, lehergailuaren mekanismoak huts egin du, eta kea isuri duen arren, ez du eztanda egin. Beraz, ibilgailua ez du kaltetu.

10:40 aldera auto azpitik kea ateratzen zela ikusi duen herritar batek eman dio abisuari Ertzaintzari. Ertzaintzak eremu guztia itxi du eta autoaren azpitik poltsa bat atera du. Leherkariaren poltsa auto gidariaren azpialdean zegoen, etagisa honetako erasoetan erabili ohi duen protokoloa jarri dute martxan. Poltsako materiala aztertzen jardun dute, leherkari gehiago ote dagoen eta zer materialekin egin duteten aztertzeko. Lehen ikerketen arabera, areosolekin eta paperekin osatu dute lehergailua.

Ertzaintza ez ezik, Joxean Elola bera, Zarauzko Udaleko ordezkariak eta kazetari ugari hurbildu dira autoa zegoen lekura. Ordezkari politkoen artean han izan dira EAko Maite Etxaniz alkatea eta Alejandro Vazquez, PSE-EEko Iñaki Epelde, EBko Patxi Coira eta Mariana Aranburu eta Aralarreko Andoni Ibarguren.

PSE-EEko hautagai ez ezik, Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako irakaslea da Elola, eta Bake Amets-Gesto por la Paz taldeko kidea.

Eguerdian ohikotik kanpoko bilera egin du Zarauzko Udaleko bozeramileen batzordeak, eta erasoaren egileei "mespretxu handiena" adierazteaz gain, elkarretaretzera deitu dute atentatua gaitzesteko. 20:15ean izango da, udaletxearen aurrean.

Bere gain hartu dute erasoa

Ezezagun batzuek bere gain hartu dute erasoa, BERRIAra bidalitako oharrean, eta "PSOEk PNVren laguntzaz prozesu demokratikoa suntsitzeko daraman jokabidea salatzeko ekintza" izan dela diote. "Ekintza honekin prozesu demokratikoaren aldeko apustua egiten dugu, eta berau zapuzteko bidea hartzen duen oro erasotzen jarraitzeko hautua egin dugu".

Haiek dioetez, prozesua aurrera ateratzea da euren "erronka nagusia, soilik honela gaindituko dugulako Euskal Herrian pairatzen dugun gatzazka politiko eta armatua. Honegatik herritarrak gonbidatzen ditugu eraso guztien aurrean gogor erantzutera. Erantzu sendo batek prozesuan aurrera egitea lagunduko baitigu".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.