Aurten ere igo egingo da etxebizitzaren prezioa, %6 inguru, baina bilakaera aurreko urtekoa baino apalagoa izango da. Hego Euskal Herrian etxebizitza metro koadroak duen prezioa herriz herri zein den aztertu du Cohispania tasazio elkarteak -ez ditu herri guztiak aintzat hartu-, eta, 2005. urteko bilakaeraren ondoan, aurtengo igoeraren aurreikuspena jaso du Etxebizitzaren iragana, oraina eta geroa txostenean.
Aurten etxebizitza Bizkaian %7,47, Nafarroan %5,79, Gipuzkoan %5,56 eta Araban %4,99 garestituko dela aurreikusi du Cohispaniak. Prezioak gora, beraz, baina ez aurreko urteko mailan. Izan ere, bilakaera iaz baino txikiagoa izango da herrialde guztietan: %3,8 apalagoa Nafarroan, %2,7 Gipuzkoan, %2,4 Araban eta %1,75 Bizkaian.
Araban, etxebizitza metro koadroa 2.561 eurotan dago batez beste. Gasteizen dago garestien, alde handiz: 2.885 euro. Eta Lapuebla de Labarcan merkeen (1.152 euro). Aurten izango den igoerari dagokionez, gehien Oionen garestituko dela aurreikusi dute (%6,15). Iaz ere etxebizitzaren prezioa Oionen igo zen gehien (%8,87).
BIZKAIAN IGOERA HANDIENA. Bizkaian 2.796 eurotan dago etxebizitza metro koadroa, Cohispaniaren arabera. Bilbon 3.034 eurotan, eta hiriburuan baino garestiago hiru herritan: Berangon (3.668), Getxon (3.237) eta Sopelan (3.080). Merkeen, berriz, Maruri-Jataben dago: metro koadroa 1.462 eurotan.
Kostaldearen (2.808) eta barnealdearen artean (2.720) alde handirik ez dago Bizkaian, eta Berangon dago garestien etxebizitza: hondartzarik gabeko herria, baina Larrabasterratik bertan.
Bizkaia izango da, nabarmen, Hego Euskal Herrian etxebizitza gehien garestituko den herrialdea.
Igoera Bilbon ez da hainbestekoa izango (%5,92), baina, iaz bezala, Gernika-Lumo (%12,68), Bermeo (%12,16), Larrabetzu (%11,63) eta Mungia (%11,37) igoko dira gehien. Ez, ordea, aurreko urtean beste; orduan %18 eta %24 artean igo baitzen etxebizitzaren prezioa lau herri horietan. Beraz, gehien garestitu arren, aurreko urtearekin alderatuta herri horietan izango da bilakaerarik onena. Barnealdean, bestalde, kostaldean baino gehiago garestituko dira etxeak.
Gipuzkoan 2.798 eurotan dago etxebizitza metro koadroa, eta Donostia da Hego Euskal Herriko lekurik garestiena: 3.861 euro. Kostaldearen (3.557) eta barnealdearen artean (2.497) alde handia dago, eta Zarautzen (3.670), Deban (3.650) eta Lasarte-Orian (3.246) dago garestien etxebizitza metro koadroa.
Barnealdean, hala ere, prezioa kostaldean baino gehiago igoko dela aurreikusi du Cohispaniak: %6,12 eta %5,45 , hurrenez hurren. Igoerarik handiena, iaz bezala, Irunen izango da (%10,73).
Nafarroan beste hiru herrialdeetan baino askoz merkeago dago etxebizitza metro koadroa (1.843 euro), eta, aurreko urtearekin alderatuta, han izango da bilakaerarik onena, prezioak %5,79 igoko diren arren; iaz %9,60 igo baitziren. Hiriburuen artean ere Iruñeak ditu prezio apalenak (2.500 euro), herrialdean garestien bertan izan arren. Burlatan (%7,29), Uharten (%6,77) eta Iruñean (%6,36) aurreikusi du Cohispaniak igoerarik handiena; eta Huarte izango da bilakaera onena izango duena, aurreko urteko igoerarekin alderatuta. Bestalde, Hego Euskal Herrian Nafarroako hiru herrik dituzte etxebizitzarik merkeenak: Carcar (518 euro metro koadroa), Castejon (561) eta Murillo el Fruto (567).
Erabilitako etxebizitzak eta berriak, Cohispania tasazio elkarteak biak hartu ditu aintzat txostena egiteko orduan.
Etxebizitza %6 inguru igoko da aurten
Donostian dago garestien etxebizitza, metro koadroa 3.861 eurotan, eta Iruñea da hiriburuen artean merkeena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu