Herritar guztiek etxebizitza duina izateko eskubidearen alde manifestua plazaratu dute euskal gizarteko, kultur, unibertsitate, sindikatu eta gizarte eragileetako 20 ordezkari inguruk.“Merkatu logikaren menpeko eskubidea izatetik gizarte ondasuna izatera igarotzea” galdegin dute sinatzaileek.
Besteak beste, Bernardo Atxaga idazleak, Kirmen Uribe poetak, Alex de la Iglesia zinegileak, Javier Elzo soziologoak, Garbiñe Biurrun eta Manuel Diaz de Rabago epaileek eta Ramon Zallo, Francisco Letamendia eta Periko Ibarra EHUko irakasleek bultzatu dute ekimena. Halaber, CCOO, ESK, STEE-EILAS sindikatuek eta mugimendu kristauek, Caritas Bilbao elkarteak esaterako, bat egin dute aldarrikapenarekin.
Gaur egun arlo honetan dauden arazoak gainditzeko irtenbidea “pertsona guztiei etxebitza duina izateko eskubidea bermatzea” dela diote. “Nahitaezkoa da horretarako urbanizatze politikaren gaineko kontrol publikoa”, zehaztu dute. Azken hauteskundeetatik ateratako udal eta foru gobernuek etxebizitzaren alorrean konpromisoa har dezatela eskatu dute.
Manifestuaren egileek azpimarratu dutenez, “etxebizitza duina bultzatzeko politika ez da sustapen publikoko etxebizitzen eraikuntza hutsa”. Gizarte alokairuaren aldeko "apustu argia eta irmoa" izan behar duela aldarrikatu dute. Era berean, “hutsik dauden etxebitzak baliatzeko zalantzarik gabeko egitasmoa” abian jartzea eskatu dute.
Etxebizitza duina izatearen aldeko manifestua plazaratu dute
Euskal kulturako, unibertsitate arloko, sindikatuetako eta gizarte eragileetako 20 ordezkari inguruk bultzatu dute ekimena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu