Bilboko etxebizitza eraikinetan ezingo da otoizlekurik ezarri. Gurtzarako zentroak irekitzea mugatzeko, HAPN Hiri Antolamendurako Plan Nagusiko puntu bat aldatzea onetsi du gaur Bilboko Udalbatzarrak. Iñaki Azkunaren itzulerarekin bat egin du neurriak: alkatearen gaixoaldiaren ondorioz, maiatzetik ari ziren eztabaida atzeratzen, haren botoa behar zutelako aldaketa onartzeko. Izan ere, EAJren hamabost ordezkariek baino ez dute neurria babestu; PPren seiak abstenitu egin dira, eta Bilduren laurek zein PSE-EEren laurek aurka bozkatu dute. Hainbat komunitate erlijiosok egindako salaketak ere ez dituzte aintzat hartu. Zazpi alegazio ere egin dizkiote EAJren ekimenari. Auzia epaitegietara hel daitekeela ohartarazi dute kontra egin dutenek.
Udalak “hirigintza araudiaren aldaketa” soila ikusten duen lekuan, “erlijio askatasunaren urraketa” ikusi dute Bilduk eta PSEk. 2010ean hasi zen gurtzarako zentroei buruzko eztabaida, hiriburuan bi meskita irekitzeko baimen eskaerek bizilagunen kexak eragin zituztenean. PPk ordenantza bat galdegin zuen, otoizlekuei eman beharreko baimenak berariaz arautzeko; udal gobernua ez da bat etorri, eta horregatik abstenitu da PP.
Aldiz, kultu zentroak martxan jartzea zaildu du udalak, HAPNan eginiko aldaketaren bidez: praktikan, etxebizitza eraikinetako beheko solairuetako lokaletan jarri izan dituzte meskitak, baina aukera hori ezingo dute erabili aurrerantzean. Bilboko “periferiara” jo beharko dute, eta erdigunean geratzekotan, alokairu garestiak dituzten eraikinetan baino ezingo dituzte gurtzarako guneak ezarri.
Ibon Areso alkateordeak argudiatu du ez dagoela diskriminaziorik, araua “konfesio guztiek” bete beharko dutelako. Ana Etxarte Bilduko zinegotziak gogora ekarri du Miribilla auzoan eliza katoliko bat eraikitzeko lursail publiko bat eman zuela udalak, “ikastetxe nahikorik eta osasun zentrorik egon ez arren”.
Bizkaiko SOS Arrazakeriak udalaren jarduna kritikatu du: araudia “gutxiengoak baztertzeko” erabiltzea leporatu dio. HAPNan eginiko aldaketa justifikatzeko erabilitako argudioak ez daude datu bidez egiaztatuta, elkarte horren iritziz, udalak ez baitu jakinarazi zenbat kexa eta eragozpen aurkeztu dituzten bizilagunek meskiten auzian.
Gizartea
Etxebizitza eraikinetan otoizlekuak debekatu ditu Bilboko Udalak
Erlijio askatasuna urratzea eta gutxiengoak baztertzea leporatu diote udalari neurriaren kontra daudenek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu