Etxebizitza turistikoak

Etxebizitza turistikoak arautzeko dekretua aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak

Turismo legearen “hutsuneak” betetzea du helburu dekretuak, etxebizitza turistikoen erregistro prozedurak erraztuz eta aktibitatearen baldintzak zehaztuz.

Alfredo Retortillo Turismo sailburua, argazkian erdian, gaurko agerraldian. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS
Asier Arrate Iruskieta.
2017ko abenduaren 1a
19:34
Entzun

2016ko EAEko Turismo Legeak egin zien erreferentzia lehen aldiz etxebizitza turistikoei, baina izen ematetik harago ez zituen zehazten aktibitatearen baldintzak. Hutsune hori betetzeko asmoz, Alfredo Retortillo Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak erabilera turistikoko etxebizitzak arautzeko dekretua aurkeztu du gaur goizean, Bilbon. Sailburuak bi ardatz nagusitan banatu du araudia: aktibitatea abiatzeko prozedurak eta aktibitatea aurrera eramateko baldintzak.

Aktibitatea abiatzeari dagokionez, turismo legean zehaztutakoa mantentzen du dekretuak, baina, sailburuak azaldu duenez, “erraztu eta argitu” egiten du prozedura. Horretarako, beste erakundeei txostenak eskatzeko prozedura bat aurreikusten du dekretuak. Era berean, erakunde arteko elkarlanaren bitartez, ezkutuko ekonomia eta zerga iruzurra ekiditea dute helburu.

Etxebizitza turistikoek bete behar dituzten baldintzei dagokienez, Turismo Legean zehaztugabeko arauak biltzen ditu dekretuak. Etxebizitza turistikoen izaera definitzeaz gain, dekretuak horiek bete beharreko gutxiengoak zerrendatzen ditu. Horien artean, etxebizitzaren gutxiengo biziegokitasun baldintzak, metro karratu kopurua bezero bakoitzeko, egonaldien iraupena eta segurtasun neurriak. Hortaz aparte, erregistratutako etxebizitza turistikoak bereizgarri baten bidez identifikatu beharko dira.

Retortillok adierazi du dekretua aktibitate ekonomikorako askatasun printzipioan oinarritzen dela, baina, aldi berean “bat egiten duela kolektibo ezberdinen interesekin”.

Dekretua informazio fasean aurkitzen dela jakinarazi du sailburuak, eta hemendik aurrera alegazioetarako epea irekiko dela. Datorren urteko martxoan dekretua indarrean jartzeko azken fasea hastea espero dutela azaldu du sailburuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.