Etxebizitza zaharren salmentaz arduratzen den FNAIM erakundeak prezioen hazkundea aurreikusten du datozen urteotarako. FNAIMen arabera, iaz etxebizitzen prezioak %10 emendatu ziren, batez beste, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Ondoko urteotan kanpotik 30.000 pertsona gehiago jitea espero dutenez, prezioak ez direla apalduko azpimarratu du Bernard Desbieys FNAIMeko presidenteak.
Prezio altuenak, metro koadroko, Miarritzen (Lapurdi) atzematen dira. Metro koadroko, batez beste, 3.883 euro ordaintzen dira; %10 emendatu dira. Baionan, aldiz, prezioak apalagoak dira. Metro koadroak 2.896 balio du; %20,6 emendatu dira. «Baionako merkatua lehen etxebizitza da eta gehienik tokiko jendeek erosten dute», dio Desbieysek, emendatzea azaltzeko. «Merkatuan etxe gutxi egotean, prezioak gora doaz, jendeak bertan bizi nahi duelako eta ez beste nehon».Miarritze garestiena bada ere, Donibane Lohitzune eta Hendaia (Lapurdi) hurbil ditu. Alta, bi merkatuak arras ezberdinak direla azaldu du Maitena Lamotte Hendaiako FNAIMeko arduradunak. Adibidez, Donibane Lohizunen etxeen %56 inguru bigarren etxebizitzak dira eta horrek eragiten du prezioen neurri gabeko emendatzea.
Gipuzkoarrak nagusi
Hendaiakoa kasu berezia dela azaldu du. Erosleen soslaia osatzerakoan ez du dudarik: lehen etxebizitza erosten duen Gipuzkoako bikotea. Hendaian 15.000 pertsona inguru bizi dira. Azken erroldaren arabera, 3.000 inguru gipuzkoarrak dira. «Ditudan aurreikuspenen arabera erran nezake hurrengo erroldan, Hendaiako biztanleen erdiak, 8.000 pertsona, gipuzkoarrak izanen direla».
Barnealdeari dagokionez, FNAIMk ez du preziorik aipatu baina bai emendatzea. Nafarroa Behereak eta Lapurdik kostaldeko eragina pairatzen dute. Zuberoan, aldiz, ingelesek eragin dute prezioen mendatzea.
ETXEBIZITZAK . Hazkundea apaldu bada ere, iaz prezioak %10 emendatu ziren batez beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu