EUSKO JAURLARITZAREN AURREKONTUAK

Etxebizitzarako aurrekontua batez bestekotik gora igoko du Jaurlaritzak

Euskarazko hedabideetako laguntzei «zer etekin ateratzen ari zaien hausnartzeko» erabiliko dute 2006a

LUIS KARLOS GARCIA - EDURNE BEGIRISTAIN
2005eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Datorren urterako prestatutako aurrekontu proiektuen berri eman zuten atzo Eusko Legebiltzarreko batzordean bost sailetako arduradunek. Horietako bakar batek ÐJavier Madrazoren Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako SailakÐ igo du aurrekontua (%21,6) Eusko Jaurlaritzak osotasunean batez beste egin duenaren gainetik (%7,1). Garraio eta Herrilan Sailaren aurrekontua %2,4 igo da soilik; Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailarena %2,9; Kultura Sailarena %6,8; eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarena %7,1. Hona hemen aurrekontu bakoitzaren nondik norako nagusiak:

-KULTURA SAILA: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak iragarri zuen 2006. urtea euskarazko hedabideei ematen zaizkien diru laguntzak aztertzeko urtea izango dela: «Datorren urtea laguntzei zer etekin ateratzen ari zaien denok batera hausnartzeko unea izango da».Bestalde, euskaltegi pribatuek diru laguntzetan igoera handia izango dutela ziurtatu zuen (%66,6koa): 17,9 milioi jasoko dituzte, eta, gainera, 9 milioiko mailegu konpromisoa iragarri zuen 2007. urterako. Euskaltegi publikoek, berriz, 9,5 milioi euro jasoko dituzte datorren urtean, eta, era berean, 7,8 milioiko mailegu konpromisoa emango zaie hurrengoan. Baztarrikak gehitu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko udalen elkarteari (Eudel) proposatu diola euskaltegien jarduerari buruzko mahaia eratzeko. Euskararen gaineko «adostasun politiko eta soziala sendotzeko» asmoa agertu zuen. Oro har, Kultura Sailaren aurrekontuaren zatirik mardulena, ohi den bezala, EITBri emango zaio, erditik gora helduko baitzaio (123,1 milioi euro).

- ETXEBIZITZA ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA: Javier Madrazok aurrekontuan «igoera handia» iragarri zuen 2006rako etxebizitzaren arazoari aurre egiteko. Etxebizitzarako programak, adibidez, %17ko igoera izango du. «Jauzi handia emango dugu, baina, ziur aski, hori ez da aski izango auziaren larritasuna ikusita», esan zuen. Izan ere, gaur egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 73.000 pertsona daude izena emanda Etxebiden. Bestalde, Madrazok aitortu zuen etxeen prezioen joera goranzkoa dela: aurrekontuaren proiektuaren arabera, metro koadro bakoitza %14,9 garestitudu aurtengo lehen hiruhilekoan, batez beste etxebizitza libreen nahiz babestutakoen prezioak gogoan hartuta.Bestalde, babes ofizialeko etxeen iruzurrari aurre egiteko asmoa dutela agertu zuen. Datorren urtean 6.000 etxe kontrolatuko dituztela ziurtatu zuen.Gizarte Gaietarako Sailburuordetzaren atal batzuek izango dute igoera handiena aurrekontuetan. Gizarte Ongizaterako Zuzendaritzaren aurrekontuak, kasu, %166ko igoera izango du. Madrazoren arabera, Jaurlaritzak udaletako gizarte zerbitzu oinarrizkoak sustatzen lagunduko du sei milioi euroko atalarekin; asmoa da gizarte langile bat izatea 5.000 biztanleko. Gizarte Ongizaterako Zuzendaritza 25 milioi eurotara igaroko da (bederatzi izan ditu aurten). Horietako hamar milioitik gora frankismoaren biktimentzako diru laguntzen atalak kudeatuko ditu.

- HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA: 2.045 milioi euroko aurrekontua izango du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak 2006an, aurten baino %7,7 gehiago. Sail horrek du, gainera, datorren urteko aurrekontu egitasmoan gastu handienetarikoa: aurrekontu osoaren %26,85 eramango baitu. Hezkuntza Sailaren barruan batez beste gehien igoko den alorra Haur eta Lehen Hezkuntza izango da, %65,5 igoko baita aurtengo aurrekontuarekin alderatuta. Tontxu Campos sailburuak azaldutakoaren arabera, helburua da haur eskola pribatuetan 2.492 plaza berri sortzea, eta Haurreskolak partzuergoak, berriz, mila plazagehiago izatea. Horretaz gainera, Haurreskola partzuergoaren barruan dauden eskoletan jatetxeak egin nahi ditu Hezkuntza Sailak, baina horretarako «oztopoak» daudela aitortu zuen: batetik, jatetxeak eraikitzeko leku falta dagoelako, eta, bestetik, familia batzuek ez dituztelako gustuko catering janariak. Bestalde, EHU Euskal Herriko Unibertsitateari 255 milioi euroko partida bideratuko zaio datorren urtean, aurten baino %12,76 gehiago. Hezkuntza euskalduntzeko, berriz, 38 milioi euro erabili nahi ditu sailak; diru horren zatirik handiena langileen gastuetara(25 milioi) eta itunpeko zentroetara (5,3 milioi) bideratuko du.

- GARRAIO ETA HERRI LAN SAILA: 198 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean Garraio eta Herri Lan Sailak, aurten baino %2,4 gehiago. Ia aurrekontuaren erdia (96 milioi inguru) EAEko trenbideetarako izango da, EAEko trenbide sarea «modernizatzeko». Hain justu ere, 7,4 milioi euroko partidaerabiliko du Garraio Sailak tranbia berriak egiteko, besteak beste, Gasteizkoa.Bestalde, Lopez de Gereñuk berretsi zuen Abiadura Handiko Trenaren azpiegitura lanetarako ez dagoela oraingoz partidarik aurreikusi, oraindik ez delako hitzarmenik sinatu Espainiako Gobernuarekin.

- INGURUMEN ETA LURRALDE ANTOLAMENDUKO SAILA: Esther Larrañagak agintzen duen sailak 107,8 milioi euro kudeatuko ditu datorren urtean, eta horien erdiak baino gehiago Uren Zuzendaritzak hartuko du (58,7 milioi). Sailburuak iragarri zuen udalentzako diru laguntza programa hasiko dutela ur hornikuntzaren errendimendua ontzeko asmoz. Bestalde, Lurralde Antolamenduko Artezpideei buruz eztabaidatzeko ekimenak iragarri zituen; esate batera, Euskal Hiria izenburuko jardunaldiak egingo dira Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.