2.973 saleroste egon dira urte honetako urtarrilean Hego Euskal Herrian, iazko urtarrilean baino 1.074 gutxiago. Nafarroa da urte arteko tasan alde handiena duen probintzia, INEk jakinarazitako datuen arabera. 674 etxebizitza salerosketa gutxiago jaso ditu aurtengo urtarrilean Jabetza Erregistroak, aurreko urtean baino 401 gutxiago. Gipuzkoan 641 saldu dira, iazko urtarrilean baino 367 gutxiago.Bizkaian 1.316 etxebizitza salerosketa egin dira urtarrilean eta Araban 342.
Fenomenoa orokorra da alor guztietan. Babes ofizialeko etxebizitzen zein ohiko merkatukoen salerosteen kopurua modu bertsuan jaitsi da. Araban sumatu da bi alorretan alde txikiena. Hala, urte arteko tasan %14,7ko jaitsiera baino ez dago babes ofizialeko etxebizitzen salerostean. Beste hiru probintzietan %50 ingurukoa da aldea. Kontuan hartu behar da babes ofizialeko etxebizitzen promozioak ez direla hilero banatzen. Dena den, ohiko merkatuko etxebizitzen salerostean Arabak du aldaketa gutxien, Bizkaiarekin batera.
Etxebizitza berriaren artean eta bigarren eskukoaren artean ere ez dago alde handirik. Bigarren eskukoen salerosteen jaitsiera apur bat handiagoa izan zen arren, etxebizitza berrien gainetik mantendu zen. Bigarren eskuko 1.574 etxebizitza salerosi ziren, eta 1.395 etxebizitza berri.
Jabetzaren erregistroetan hartutako etxebizitza aldaketen artean gehienak salerosketen bidez gertatu arren, 2.000 aldaketa inguru izan ziren seniparteen edo trukeen bitartez, besteak beste.
HIPOTEKEN KOPURUA, BEHERA. Salerosketen urte arteko tasa jaitsi den bezala, etxebizitza erosteko hipoteken kopuruak ere behera egin du. Urte honetako urtarrilean 4.246 hipoteka kontratatu dira Hego Euskal Herrian, INEren datuen arabera; 2007ko urtarrilean baino 1.012 gutxiago. Hau da, urte arteko tasa %19,3 jaitsi da. Salerosteen kasuan bezala, Nafarroan gertatu da jaitsiera adierazgarriena. %34,2 jaitsi da hipoteken eskarien urte arteko tasa. %21eko jaitsiera izan da Gipuzkoan eta %16,3koa Araban. Bizkaian izan da jaitsiera txikiena, %9,4koa.