Etxeetako zaborraren %23 baino ez da biltzen gaika Gipuzkoan

Iaz 426.269 tona hiri hondakin sortu ziren, hau da, 2008an baino %5 gutxiago, eta horietatik %39 birziklatu egin zituzten. Sasietan bosgarren edukiontzia jarriko dute, eta finantzatu egingo du Foru Aldundiak

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
Donostia
2010eko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Gipuzkoako etxeetan 287.269 tona zabor sortu ziren iaz guztira, eta horietatik %22,8 baino ez ziren gaika bildu. Gainerako guztiak nahastuta jaso zituzten, eta zabortegietara bota. Hala ere, orain dela lau urte baino hondakin gehiago jaso zituzten bereiztuta, zehazki, %23,97 gehiago. Gipuzkoako Diputazioa gustura dago datu horrekin, izan ere, urtez urte geroz eta zabor gutxiago biltzen da nahastuta. Datu horiek guztiak atzo eman zituen Gipuzkoako Diputazioak 2009ko hiri hondakinen kudeaketaren inguruko balantzea egiterakoan.

Azken urteetako joerari eutsiz, iaz ere zabor gutxiago sortu zuten gipuzkoarrek. Etxeko hondakinak eta industriako hondakinak batuz, 426.269 tona hondakin sortu zituzten, hau da, 2008an baino 22.772 tona gutxiago (%5,07). Horietatik 287.831 tona etxeetan sortu zituzten, eta gainerakoa, 138.438 tona, industrian eta merkataritzan. IMEHA deitzen zaio zabor mota horri: Industriako, merkataritzako eta erakundeetako hondakin asimilagarriak.

Halaber, gipuzkoar bakoitzak zabor gutxiago sortu zuen: iaz, batez beste, 589 kilo sortu zituen, hots, 36 kilo gutxiago.

Bada beste datu esanguratsu bat ere: biztanleriak gora egin arren, zabor kopuruak behera egin duela. «Etxeko hondakinak biztanle kopurua baino gutxiago handitu dira, prebentzio politiken ondorioz». azpimarratu zuen Carlos Ormazabal Garapen Iraunkorreko diputatuak.

Enpresetan eta merkataritzan ere zabor gutxiago sortu zen iaz -%9,67 gutxiago- , krisi ekonomikoak eraginda batez ere. Zabor mota horren kopuru handi bat bereiztuta biltzen da, ia %80. Hala, zabor mota guztiak kontuan hartuz, %41,26 bildu zuten gaika 2009an. Hain zuzen, Diputazioko arduradunek datu hori nabarmendu nahi izan zuten. Carlos Ormazabalen ustez, «oso datu adierazgarria» da.

Gainera, kopuru hori handituz joango dela esan zuen Javier Zarraonandia Diputazioko Ingurumen zuzendariak, izan ere, aurten «bultzada handia» emango diote zabor organikoaren gaikako bilketari. «Gipuzkoak konpostatzearen aldeko apustua egiten du, eta aurtengo urtea inflexio puntua izango da, abiatzeko urtea». Zabor organikoa bosgarren edukiontziaren bidez bilduko dute mankomunitate batzuek, eta horien finantzaketan lagunduko du Diputazioak. Zehazki, 400.000 euro bideratuko ditu. Orain arte Gipuzkoako sei herrik baino ez dute bilketa hori izan, eta herri horietako biztanleen %14k baino ez dute parte hartu. Zer-nolako emaitzak eman dituen galdetuta, datuak ez zituztela eskura erantzun zuten foru agintariek. Justu atzo Eguzkik eman zituen datu horiek. Euren arabera, atez atekoaren bidez sortzen den zabor organikoa ehuneko ehunean kudeatzen da, eta bosgarren edukiontziaren bidez %15 eta %20 artean. Carlos Ormazabalek iragarri zuen datorren astean Sasietako Mankomunitateak jakinaraziko duela zenbat herritan jarriko duten bosgarren edukiontzia.

Oraindik ere oso gutxi konpostatzen da Gipuzkoan. 2009an 9.350 tona zabor konpostatu zituzten. Horietatik 1.876 tona bosgarren edukiontziaren eta atez ateko bilketaren bidez jaso ziren -iaz soilik Usurbilek jarri zuen martxan atez ateko bilketa sistema-.

%39 birziklatzen da

Gipuzkoako Diputazioa gustura dago ere birziklatze tasarekin. Iaz hiri hondakinen %39 birziklatu ziren, eta proportzio hori Europako Batasunean %23koa dela esan zuen Ormazabalek: «Gipuzkoa Europako batez bestearen gainetik dago, eta gehien birziklatzen duten herrialdeen artean dago».

Birziklatze datua ez zuten xehetuta eman, hau da, etxeetako hondakinak zenbat birziklatzen diren. Kontuan hartuz %22,8 biltzen dela gaika, birziklatze datua antzekoa izango da. Ormazabalen arabera, birziklatzea sustatzen jarraituko dute. Horren adibide jarri zuen garbiguneetarako jarritako dirua: zazpi milioi euro.

[email protected]

Zenbakia

5.647

Hernanin organikoa jasotzeko ontzia duten familiak. Hernanin maiatzaren 9an abiatuko dute atez ateko zabor bilketa, eta dagoeneko lau familiatik hiruk jaso dute zabor organikoarentzako ontzia, hau da, 5.647 familiek. Apirilaren 16an bukatuko da ontzia jasotzeko epea. Hernaniko PSE-EEk zalantzan jarri ditu Udalak jarri nahi dituen ikuskatzaileak, eta herritarrek intimitatea galduko dutela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.