Kalean bizi zen gizon gazte bat zendu da Bilbon. Piotr zuen izena, eta 23 urte zituen. Poloniakoa zen jaiotzez, baina urte eta erdi zeraman Euskal Herrian; pandemia tarteko, aterpetxe batean pasatzen zituen gauak, eta kalean egiten zituen egunak, gitarra batek lagunduta. Martxoaren 12an hil zen.
Hiriburuko leku askotan ibiltzen zen gitarra jotzen, baina Uribarri auzoa izaten zuen bere geralekuetako bat; hain justu, inguruko bizilagunek loreak, argazkiak eta kartelak jarri dituzte hura egoten zen lekuan.
Aurten Euskal Herrian hildako bigarren etxegabea da. Urtarrilean, 56 urteko gizon baten gorpua topatu zuten Hendaian (Lapurdi), auto baten barruan. Era berean, urtarrilaren erdialdera abenduaren amaieran desagertutako etxegabe baten gorpuzkiak aurkitu zituzten Getxoko Arrigunaga hondartzan (Bizkaia). Barakaldoko gizon batenak ziren; 34 urte zituen, eta kalean bizi zen. 51 urteko gizon bat dago kartzelan, behin-behinean, hura hiltzea egotzita.