Etxegabeen kopuruak gora egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Etxerik ez duten 2.797 pertsona identifikatu ditu SiiS Gizarte Informazio eta Ikerketa Zerbitzuak 2020an egindako txostenak. Etxerik ez duten hamarretik bederatzi gizonezkoak dira, eta Bilbon daude gehienak. 

COVID-19ari aurre egiteko etxegabeentzako prestaturiko aterpea bat, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko ekainaren 16a
14:08
Entzun

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egoitza-bazterkeria jasaten duten pertsonen V. Kontaketaren emaitzak eman ditu gaur SiiS Gizarte Informazio eta Ikerketa Zerbitzuak. 2020an egindako azterketaren datuak dira, eta pandemiak markatutako urte ez-ohikoa izan arren ondorio argia utzi du txostenak: gorantz jarraitzen du etxerik gabe dauden pertsona kopuruak. Etxerik gabeko 2.797 pertsona zenbatu ditu 2020ko azken azterketak, lehen kontaketa egitean, 2012an, 1.704 ziren.

Iazko maiatzean egin zuten kontaketa hemeretzi herritan, maiatzaren 6tik 7rako gauean gizarte zerbitzuek kudeatutako aterpe eta guneetan, eta maiatzaren 4tik 10erako astean karrikan. Denera etxerik gabe dauden 2.797 pertsona detektatu zituzten, horietako 163 karrikan, eta gainontzekoak gizarte zerbitzuek kudeaturiko ohiko aterpeetan, zein COVID-19a dela eta ezarritako zerbitzu osagarrietan.

Karrikan gaua pasatzen ari ziren pertsonen kopurua 2012tik detektatutako baxuena izan da, baina arrazoi argi bat du horrek: COVID-19aren pandemia dela eta, etxerik ez dutenentzako zerbitzuen indartzea. 849 pertsona artatu zituzten zerbitzu gehigarri horietan. Horietako %58k kalean egiten zuten lo zerbitzua ireki aitzinetik, eta %24k aldiz aterpeetan.

Azterketa geografikoa eginez gero, Bilbo da igoera handiena duen hiriburua: txostenak etxerik ez duten 694 pertsona identifikatu ditu, 2014ko lehen datuaren bikoitza baino gehiago. Igoera bereziki nabarmena da 2018tik 2020ra. 413 etxegabe izatetik, 694 izatera igaro baita. Gasteizen eta Donostian ere urtez urte igotzen ari da etxerik gabekoen kopurua, baina, igoera hori anitzez ere geldoagoa da. Donostian etxerik gabeko 279 pertsona atzeman ditu txostenak, Gasteizen, 158.

Etxegabearen profila

Etxegabearen profila zehaztuz, aldiz, atzerritarrak eta gizonezkoak dira gehienak. Etxerik ez dute hamar pertsonatik bederatzi dira gizonezkoak, eta atzerritarrak dira hamarretik zazpi. Horien artean bereziki nabarmentzen dira Afrikar jatorria dutenak. Adinari dagokionez, aldiz, azken urteetan nabarmen igo da 18 eta 29 urte bitarteko etxegabe gazteen kopurua. Laurdena ziren horiek 2016an, 2020ko azken kontaketan, aldiz, %37; denera 400 pertsona.

Hiriburu-hiriburuz aztertuz gero, ordea, ezberdintasunak daude adinaren arabera. Bilbon hamar etxegabetik lau dira gazteak, Gasteizen, aldiz, laurdena. Arabako hiriburuan, etxerik gabekoen erdiek dituzte 45 urte baino gehiago.

Txostenak etxerik gabe atzeman dituen ia 3000 pertsonetatik %85ek erantzun du bere egoerari buruzko galdetegi bat. Horrek, hainbat datu argigarri lortzeko bidea eman du. Hamar etxegabetik lauk urtebete edo gutxiago darama egoera horretan, eta %20 haurtzaroan edo nerabezaroan adingabekoentzako zentro batean egon zen. Etxerik gabekoen hiru laurdenak, aldiz, bizi diren herri edo hiriburuan geratu nahiko lukete bizitzen. Gainera, elkarrizketatukoen %16k soldatapeko lan jarduera bat egiten du. Hamar etxegabetik bik bakarrik jasotzen du diru sarrera bermatzeko errenta, eta %30ek ez dute errenta horren inolako ezagutzarik.

Gaixotasunak

Harreman estua dago etxerik ez izan, eta osasun egoera kaxkarra izatearen artean. Hori horrela gaixotasun larri edo kroniko bat dute etxegabeen %43k eta horien artean %20k ez du tratamendu medikorik jasotzen. Gaixotasun horien arten, buruko gaixotasunak dituzte hamarretik bik, eta horien atzetik daude arnasa-aparatuko gaitzak eta zirkulazio sistemakoak. Gainera, atzerritar jatorria duten «gehienek» ez dute osasun txartelik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.