Tolosako Auzitegiak bertan behera utzi du iragan martxoan egitekoak ziren etxe baten enkantea. Etxe kaleratzeen auzian Espainiako araudiak herritarrak babes nahikorik gabe uzten dituela ebatzi zuen Europako Batasunak iazko azaroan, eta argudio hori baliatu du auzitegiak enkantea eteteko.
Gaur jakinarazi du erabakia Gipuzkoako Stop Kaleratzeak plataformak. Martxoaren 19an erabaki zuen auzitegiak enkantea bertan behera uztea, iragan hilabete amaieran baitziren egitekoak enkantea. Etxe kaleratzeak egiteko Espainiako araudia eta erabiltzaileen eskubideak babesteko Europako Batasuneko zuzentaraua ez direla bateragarriak ebatzi zuten, eta horixe argudiatu du auzitegiak.
Auzitegiak azaldu etxegabetze prozeduran egin beharreko enkantea "atzera bueltarik gabekoa" izango litzatekeela, eta, hori egin aurretik, hipotekak abusuzko klausularik ote duen aztertu beharko litzatekeela. Stop Kaleratzeak plataforma pozik azaldu da erabakiarekin, eta "zuhurtasun eredutzat" jo du.
Bilbon ere etxe kaleratze bat geratu zuten atzo. Ausbanc elkarteak jarritako salaketan oinarrituta hartu du erabakia Bilboko auzitegiak. Elkarteak eskatu du etxebizitza horren jabearen mailegua behin betiko bertan behera uzteko. Enkantera gaur aterako zen etxebizitza, eta jabeak etxea gaur bertan utzi beharko zuen.