KOMUNIKAZIOA

Etxeko adituekin osatu dute zuzendaritza taldea EITBn

Pello Sarasola, Odile Kruzeta, Jesus Elgezabal eta Andoni Aranburu izango dira zuzendaritzako kideak. Administrazio Kontseiluak ez du onartu aurrekontu proposamena.

Berria.info
2013ko martxoaren 12a
18:02
Entzun

EITBko administrazio kontseilu berriak atzo egindako bileraren ondoren, hedabide publikoko batzordeko kideak nortzuk izango diren jakinarazi zuen Maite Iturbe EITBko zuzendari berriak. Erabaki horren ondorioz, finkatuta geratu dira lau zutabe nagusiak: Pello Sarasola (Hernani, Gipuzkoa, 1964) ETBko zuzendaria izango da; Odile Kruzeta (Eibar, Gipuzkoa, 1957), EITBko irratietako zuzendaria; Andoni Aranburu (Andoain, Gipuzkoa, 1956), estrategia arduradun berria, eta Jesus Elgezabalek (Bilbo, 1957) taldea kudeatuko du.

Bestalde, administrazio kontseiluak ez zituen hedabide publikoaren aurrekontuak onartu. Kontseiluko kideen bi herenek babestu behar dituzte aurrekontuak onartuak izan daitezen, eta hogei kidetik hamarrek bozkatu zuten alde; zazpik bozkatu zuten kontra; eta hiru kide abstenitu egin ziren.

Zuzendaritzako kideak

Sarasola 1989an sartu zen EITBn, ikerketa eta audientzia teknikari modura. 1995etik 2005era bitartean programazio zuzendari lanetan ibili zen, Antena 3 katera joan aurretik. Bertan sei urte egin zituen, eta 2011n EITBra itzuli zen ETBko eduki zuzendari izateko.

Irratien zuzendari eta koordinatzailea Kruzeta izango da. Kazetari gipuzkoarra 1984an sartu zen Euskadi Irratian, eta azken urteotan hainbat irrati saio zuzendu eta aurkeztu ditu. Irratia zuzentzearekin batera, edukiak eta ildo editorialak ere kontrolatuko ditu.

Elgezabal ekonomilaria taldearen kudeaketaz arduratuko da. 1992an administrazio eta finantza zuzendari izendatu zuten. Hedabide publikora iritsi aurretik, enpresa pribatutan ibili zen.

Zuzendaritza taldean izan den berrikuntza Aranbururen izendapena izan da. EITBko zuzendaritzarako hautagai izan zen Mikel Agirrek aurreko hiru izenak proposatzeaz gain, Jaime Otamendi ere proposatu zuen estrategia arduradunerako. Iturbek, berriz, Aranburu hautatu du Otamendiren lekuan. 1985ean hasi zen EITBn lanean, eta besteak beste, Nazioartea saileko arduraduna izan zen 1999. urtera arte. Ordutik gaur egun arte, kalitate zuzendaria izan da.

 

Iturbek Alberto Surio ordezkatuko du, eta azken hori El Diario Vasco egunkarira itzuliko da, Iritzi arloko arduradun gisa.

Informatibo buruak

EITBko informatibo buruak nortzuk izango diren ere eman zuten jakitera: Maite Amundarain ETBko informatibo burua izango da. Arantxa Garcia Moreno Radio Euskadiko informatibo burua, eta Aritz Agirre Euskadi Irratikoa. EITBko irratietako zuzendariorde berriz, Iñaki Guridi izendatu dute.

 

Aurrekontuak atzera

EITBko Kontseiluaren bileran atzera bota zituzten Jaurlaritzak talderako aurkezturiko 2013rako aurrekontuak. EH Bilduk, LABek eta PPk aurka bozkatu zuten, eta PSEk abstentziora jo zuen. Edonola ere, bozketa ez da loteslea, betebeharreko tramite hutsa baizk. 121 milioiko aurrekontua izango du EITBk 2013an, iaz baino %15 gutxiago.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.