Soslaia. Iñigo Urkullu

Etxeko mutil zintzoa

edurne begiristain
2012ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu Renteria Alonsotegin (Bizkaia) jaio zen, duela 50 urte. Seminarista izan zen, Derion, baina azkenean ez zuen apaiz izateko urratsa egin. Familia abertzalekoa izaki, oso gazte afiliatu zen EAJn: 16 urte baino ez zituen, eta alderdia klandestinitatetik irten berria zen.

Herriko Euzko Gaztedin (EGI) hasi zuen ibilbide politikoa, 15 urte besterik ez zuela, eta han izan zituen lehenengo ardura politikoak ere: herriko EGIko arduradun aurrena, eta EGIko zuzendaritza nazionalean gero. Eta gazte zela heldu zien ardura handiagoei: 23 urterekin izendatu zuten BBBko kide, 1984an; 25 urte besterik ez zuen Eusko Legebiltzarrerako parlamentari aukeratu zutenean, eta adin berarekin sartu zen Bizkaiko Diputazioko gazteria saileko zuzendari postuan.

Belaunaldi jeltzale bateko kide da Urkullu: jobuvi-ak edo jóvenes burukides vizcaínos (gazte burukide bizkaitarrak) izenarekin ezagun egin zirenak. Garai horretakoak dira urteen joan-etorriarekin alderdiaren zama eskuetan izatera iritsi diren beste kide batzuk ere: Jose Luis Bilbao, Andoni Ortuzar Joseba Aurrekoetxea, Koldo Mediavilla, Aitor Esteban, Iñigo Iturrate, Iñigo Camino, Jon Sanchez eta Iñaki Bernardo. 1976. urtearen bueltan hasi ziren denak EAJn militatzen, 14 eta 16 urte zituztela.

Garai horretan hasi zituen Urkulluk Filologia Hispanikoko ikasketak, Deustuan, baina ez zituen amaitu, Derioko unibertsitate eskolara joan zelako, Euskal Filologiako irakasle titulua ateratzera. Euskal Filologia arloan, irakaskuntzan diplomatu zen, eta Deustuko Unibertsitateko Aisialdiko Ikasketen Institututik Aisialdiko Guneen Kudeaketan aditua da.

Aixerrotako Alderdi Eguna

Laster hasi zen politikan nabarmentzen. Diotenez, 1983an Getxoko Aixerrotan egin zen Alderdi Egunean tribunara igo eta EGIren izenean hitza hartu zuenean politikan aritzeko gaitasun handia zuela jabetu ziren alderdian. Hortxe hasi zuen bere ibilbide politiko oparoa.

1986an Eusko Legebiltzarreko parlamentari aukeratu zuten, eta hamabost urtez aritu zen ganberako zereginetan. Giza Eskubideen Batzordeko eta Terrorismoen biktimen lantaldeko lehendakari izan zen denbora horretan, besteak beste.

Alderdiaren egituretan leku propioa hartzen 1996an hasi zen, Bizkaiko alderdikide garaikideekin batera. Urte hartan, Luis Mari Retolaza orduko BBBko presidenteari aurre egin eta Javier Atutxa bultzatu zuten BBBko lehendakaritzarako, eta nagusitu egin ziren Urkullu eta gainerako kideak. Urkullu izan zen BBBko bozeramaile lau urteko hartan, eta Asier Atutxa eta Joseba Aurrekoetxea ere Bizkaiko zuzendaritzan sartu ziren.

Arzalluzi modu nabarmenagoan egin zion aurre urte batzuen buruan, Urkulluk berak hartu zuenean Javier Atutxaren lekua BBBko presidentetzan—2000.urtean aukeratu zuten—. Arzalluzek Josu Bergara Bizkaiko orduko diputatu nagusiari babesa agertu zion hura 2003ko foru hauteskundeetan berriro aurkez zedin, baina Bizkaiko egituretan ordurako gidaritza hartua zutenek, Urkullu tartean, Jose Luis Bilbaoren hautagaitza bultzatu zuten.

Horiek izan ziren Urkulluk alderdi barruan irabazi zituen lehen tirabirak. Ez ziren bakarrak izan, ordea. 2003an, alderdi barruan lehiarik erabakigarriena jokatu zuen. Xabier Arzalluzen ordezkoa aukeratzeko barne prozesu tirabiratsuan, Josu Jon Imazen hautagaitzaren sostengurik sendoena eta eraginkorrena izan zen Urkullu. Eta lau urteotan Imazen ondoan egon zen, bata EBBko presidente eta bestea EBBko bozeramaile lanetan.

Imazen alderdian lortutako pisuak eraman zuen Loiolako elkarrizketetan parte hartzera, ETAren su-etenaren garaian. Negoziazio horietan EAJren solaskidetzan Imazen ondoan izan zen Urkullu.

2007ko EBBko presidente berria aukeratzeko hauteskundeetan, berriro atera zen garaile. Orduan alderdi barruan hautsita zegoen barne oreka sendotu asmoz —Josu Jon Imazen eta Joseba Egibarren aldekoen arteko borroka bizia zegoen—, bi sektoreen artean txosten politikoa eta EBBko hautagaitza hitzartu zuten, eta Urkullu izan zen bi aldeek onartu zuten lehendakaria.

EAJk izan duen lehen presidente bizkaitarra izan da Urkullu. Urteotan, zuhurtzia nahiz trebezia aldarrikatzen ditu politika egiterako orduan. Gertukoek diote elkarrizketarako irekia eta moderatua dela. Orain arte, ezer baino gehiago, etxeko mutil zintzoaren tankera hartu zaio, alderdia zaintzea lehentasun nagusi izan duelarik. Gaurtik aurrera, ordea, erronka berri bati ekingo dio, alderdikideek lehendakarigai gisa berresten badute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.