Gizartea

Etxepare Euskal Institutua, martxan

Euskara eta euskal kultura zabaltzeko helburua dauka. Donostian du egoitza. Eusko Legebiltzarrak iazko apirilean onartu zuen institutua sortzeko legea.

2009ko urtarrilaren 7a
18:17
Entzun
Etxepare Euskal Institutuak gaur hasi du bere jarduna, euskara eta euskal kultura zabaltzeko helburuarekin. Donostian izango du egoitza, Tabakaleran -honen birmoldaketa gauzatzen den bitartean, Prim kalean du egoitza-. Langile egitura osatu eta hau lanean jarri artean, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak beteko ditu egitekoak.

Eusko Legebiltzarrak 2007ko apirilaren 20an onartu zuen Etxepare Euskal Institutua sortzeko eta arautzeko legea. Zentroa, Kultura Sailari atxikitako berezko gaitasuna eta izaera juridikoa duen zuzenbide pribatuko herri erakundea da, eta bere gain hartuko ditu lehenagotik Jaurlaritzak zuzenean lantzen zituen hizkuntzaren eta kulturaren alorreko zabalpenerako lanak.

Batik bat, bi arlo landuko ditu: euskal kulturaren sustapena eta zabalpena, batetik -musika, arte eszenikoak, ikus-arteak, zinema, arkitektura eta diseinua-; eta euskararen sustapena eta zabalpena, bestetik. Euskararentzat prestigioa lortzea eta nazioartean onartua izatea nahi du. Euskararen irakaskuntza eta ikerkuntza sustatuko ditu atzerrian, eta Euskal Herriko errealitate kulturalaren berri zabalduko du Euskal Herritik kanpo, euskal hiztunen komunitateetan bereziki. Teknologia berriek garrantzi berezia izango dute zabalkuntza lanetan.

Duela zortzi urte sortu zen erakundea eratzeko ideia, eta institutua gorpuzteko hainbat eredu aztertu dituzte arduradunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.