Epaiketak

Etxera bidean dira gazte auzipetuak

Defentsaren lekukoek deklaratu dute gaur Espainiako Auzitegi Nazionalean. Abenduaren 9, 10 eta 11n eta urtarrilaren 8, 9, 16 eta 17an jarri dizkiete hurrengo saioak.

Hodei Iruretagoiena
2013ko azaroaren 27a
16:08
Entzun

Polizien eta guardia zibilen ostean, Segiko kide izatea egozten dieten gazteen lekukoek deklaratu dute gaur Auzitegi Nazionalean. Segik hainbat talde eta mugimendu kontrolatzen zituela dio akusazioak, eta horien inguruan aritu dira gaur ere. Ikasle Abertzaleetako Haizea Solagurenbeaskoa, LABeko Igor Arroio, AHT Elkarlaneko Mila Elortza, Santutxuko Gazte Asanbladako Haizea Belza, Etxarri-Aranazko alkate ohi Juan Bautista Mariñelarena eta Hernaniko herritar Angel Lunaro aritu dira akusazioen eta defentsako abokatuen galderak erantzuten. 2006. urtean Etxarri-Aranazen antolatutako Gazte Topaguneaz aritu da Mariñelarena —20.000 gazte inguruk hartu zuten parte—, eta 2008ko urriaren 25ean Hernanin (Gipuzkoa) egindako Independentzia Egunaz Lunaro.

Mugimendu eta ekitaldi horietan Segik zuen parte hartzeaz galdetu die gehienbat fiskalak. Besteak beste, ea 2008ko urriaren 25ean Hernanin gazteak Segiko kamisetekin ote zebiltzan galdetu dio Luis Barroso fiskalak Lunarori. Nafarroako "zerrenda beltzen" inguruan abiatutako dinamikan aritu ziren zenbait lagun ere izan dira gaurko saioan, lekuko gisa.

Abenduan eta urtarrilean jarrituko du epaiketak

Gaurkoa amaituta, abenduaren 9an, 10ean eta 11n itzuli beharko dute gazteek Madrilera. Beren lekukoek jarraituko dute deklaratzen orduan, eta akusazioen perituek jarraituko dute gero; hau da, lekuko gisa ere aritu diren polizia eta guardia zibilek. Defentsaren perituen txanda izango da azkenik, aldeek beren ondorioak azaldu baino lehen. Abendukoez gain, urtarrilaren 8, 9, 16 eta 17rako ere auzi saioak iragarri dituzte gaur. Epaiketako azken egunak horiek izatea espero dute auzipetuek.

Atzo eta herenegun ez zuten auzitegian egon beharrik izan gazteek, uko egin ziotelako inkomunikazio aldian galdekatu zituzten polizien deklarazioak entzuteari —torturak salatu zituzten auzipetuetako askok—. Emakumeen aurkako indarkeriaren aurka egindako asanblada eta mobilizazioetan hartu zuten parte astelehenean, eta atxilotutako emakume gazteek salatutako tortura eta jazarpen sexistak izan zituzten hizpide, besteak beste. Atzo, Yesca gazte antolakundeko kideen hitzaldi batean egon ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.