Gizartea

"Etxera deitzen genuenean jasotako albisteek gehiago beldurtu gintuzten han ikusitakoak baino"

Uholdeengatik Kaxmirren harrapatuta geratutako zazpi mendizale Euskal Herrian dira jada. Heriotza arriskurik ez zutela inoiz izan adierazi dute. Batzuek oporrak amaitu arte Indian geratzea erabaki dute.

2010eko abuztuaren 11
13:14
Entzun
Galdakaoko (Bizkai) Ganguren mendi elkartearekin Himalayara trekkinga egitera joandako 44 mendizaleetatik zazpi atzo iritsi ziren Euskal Herrira, Indiaren menpeko Kaxmirko Leh hirian hainbat egunez harrapatuta egon ondoren. Izan ere, eurite handiak izan dira inguru hartan eta uholde eta hondamendi larria eragin.

Baina euskal mendizaleek ez dute inolako unetan beren bizia arriskuan sumatu. Hala agertu du Pedro Aizarna atzo iritsitako mendizaleetako batek gaur goizean komunikabideen aurrean egin dituen adierazpenetan. Areago, etxera deitzen zutenean Euskal Herritik jasotako albisteekin han ikusitakoarekin baino gehiago beldurtu zirela azaldu du Aizarnak. Larritasuna sortzen zien beste gauza bat etxekoekin komunikatzeko zituzten zailtasunak zirela erantsi du, eta Lehko herritarrei eskerrak eman dizkie beren telefono mugikorrak utzi dizkietelako komunikazio hori erraztearren.

Nolanahi ere, Aizarnak onartu du Lehn eta inguruetan oso une gogorrak bizi izan direla, eta agertu du gau bat lehenago atera izan balira hondamendiak bete-betean harrapatuko zituzkeela, "igaro genuen harana desagertu egin da". Hondamendiaren ondorioak, jendearen larritasuna, gertutik eta bertatik bertara bizitzea oso gogorra izan dela erantsi du.

Espainiako enbaxadaren laguntza izan arren etxerako itzulera antolatzeko "nahiko bakarrik" sentitu direla esan du Aizarnak, eta Lehko aireportuan "egoera danteskoak" bizi izan dituztela. Esan bezala, zazpi dira orain arte iritsi direnak, eta abizenen hurrenkera alfabetikoa izan da nor lehenago eta nor geroago ateratzea erabakitzeko irizpidea. Aizarnak azaldu du beren taldeko kide batzuk oporrak amaitu arte, abuztuaren 20 inguru arte Indian geratzeko asmoa dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.