Iazko martxoan Ondarroako Kamiñalde auzoan izandako luizi batek euren etxeak harrapatu ostean, handik alde egin behar izan zuten ehundik gora familiak. Horietatik 70 joan den uztailean itzuli ziren, eta azken orduetan beste 33 bueltatu ahal izan dira.
Ondarroako Udalak (Bizkaia) jakinarazi duenez, San Ignazio kaleko 40 B, C eta 42 A eta B atarietako bizilagunak dira azken orduetan itzuli ahal izan direnak. 09:00 aldera sartu dira beren etxera. Udalak espero du falta diren zazpi familiak ere urtarrilean itzuli ahal izatea beren etxebizitzetara.
"Aurreikuspen guztiak betetzen" ari direlako ustean eta "pixkanaka" bizilagun guztiak etxera itzultzen ari direlako, udala pozik agertu da. Hala ere, Zunbeltz Bedialauneta alkateak esan du lanean jarraituko dutela bizilagun guztiak bueltatu arte.
Hala ere, gogorarazi du lan guztien ordainketa egiteko dagoela: "Lortu dugu Kamiñaldeko magala egonkortzeko lanak bideratzea, baina dirua falta zaigu oraindik lanak ordaintzeko". Alde horretatik, kezka azaldu du "diru faltaz, bankuekiko zorraz eta Bizkaiko Foru Aldundiaz". Udalak bost milioi euroko mailegua eskatu du, Bedialaunetaren esanetan: "Herriaren urte osoko aurrekontuaren erdia baino gehiago". Horregatik, Jaurlaritzari eta Bizkaiko Diputazioari eskatu die "kontuan" izan dezaten Ondarroa datorren urteko aurrekontuak prestatzeko orduan.