ETAren desmobilizazioak beste lokarri bat askatu du euskal gatazkaren konponbidearen matazan. Baina kateatuta jarraitzen dute beste auzi batzuek: kasurako, euskal presoen, iheslarien eta deportatuen itzulerak.
2011n ETAk jarduera armatua behin betiko etetea erabaki zuenetik, Espainiako Gobernua uzkur agertu da presoak Euskal Herritik urrun eta espetxe ugaritan sakabanatuak dituen politika aldatzeko aukeraren inguruan. Euskal gizartearen gehiengoak eta eragile politiko eta sindikal ia guztiek babestu badute ere espetxe politika aldatzea, Madrilek ez du halako keinurik egin oraino. Are gehiago, azken egunetan hedabide ugaritan Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak adierazi duenez, ETAren urratsak ez du eraginik izango gobernuaren espetxe politikan. Lerro artean, ordea, ñabardura bat: Madrilek ez duela egingo «legeak jasotzen ez duen ezer». Eta legeak ematen du espetxe politika moldatzeko tartea.
Bestelako jarrera erakutsi du, ordea, Frantziako Gobernuak. ETAren armagabetzeak, iazko apirilaren 8an, ahalbidetu zuen Ipar Euskal Herriko ordezkaritza baten eta Parisen arteko elkarrizketa esparru bat zabaltzea, eta horrek eragin zuen Frantziako Justizia Ministerioak urtarrilean iragarritako albistea: Frantziako Estatuan sakabanatuta zeuden presoak Lannemezango eta Mont-de-Marsango espetxeetara gerturatzea. Harrezkero, hamabi preso lekualdatu dituzte; 11 bi kartzela horietara, eta bat Muretera. Gerturatuetako bi, Julen Mendizabal eta Jon Salaberria, libre dira jada, eta aske utzi baino hilabete eskas lehenago gerturatu zituzten. Hurbildutakoen artean, ordea, badira zigor luzeagoak dituztenak ere, eta, beraz, Frantziako administrazioa ez da ari gerturatzeak presoen ezaugarri zehatz batzuetara mugatzen.
Denbora «kontra» dute, ordea, Etxerat presoen senide eta lagunen elkarteak salatu izan duenez. Adinean gora doaz presoak eta haien senideak, eta horiek urrunduta edukitzeak zaildu egiten die bisitan joateko aukera hainbati. Hain justu, horien egoera lantzen ari da elkartea. Etxerat-en datuen arabera, 45 presok hogei urte baino gehiago daramatzate giltzapean, eta 27k daukate 60 urtetik gorako adina.
ETAren armagabetzea 2017ko apirilean eta erakundearen desmobilizazioa atzo gauzatuta, nazioartean gatazken konponbidean erabilitako DDR prozesua —armagabetzea, desmobilizazioa eta gizarteratzea, ingelesezko siglen arabera— burutze bidean, preso, iheslari eta deportatuen gizarteratzeak beharko luke hurrengo pausoa. Hori lantzeko, presoen, iheslarien eta deportatuen etxeratzeari buruzko saio bat egin zuen Foro Sozialak urtarrilean. Bertan, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren erradiografia egin zuen Jon Irazola bozeramaileak. Gaur egun, 85-100 iheslari daude deserrian, eta horietatik 25 inguru dira deportatuak. Gehienek dituzte 60 urtetik gora. 2013ko ekainean Miarritzeko Adierazpena aurkeztu zutenetik, 130 bat iheslari itzuli dira sorterrira, eta, 1960ko hamarkadatik, 2.500 herritarretik gora erbesteratu dira.
Irazolak hiru pauso proposatu zituen itzulera hori gauzatzeko: aurrenekoa, horiei ohiko legeria ezartzea, eta ez «salbuespenezko araudia», neurri horrekin iheslarien multzo bat itzultzeko moduan bailegoke; bigarrenean, eskatu zuen «errealitate printzipioa» ezartzeko lehen neurriarekin itzuli ezin direnentzat: alegia, «egoera normal batera egokitutako legeria» garatzea. Azken proposamena da «justizia trantsizionala» ezartzea.
Maritxu Paulus Basurko abokatuak azaldu zuenez, zenbait iheslariren egoera administratiboki konpon liteke, baina alor judizialean «blokeatuta» dago auzia: «Ez dute kontuan hartzen Euskal Herrian gertatzen ari den aldaketa. Ez dago pausorik, nahiz eta egin ditugun errekurtsoak. Epaileen aldaketa bat behar da; nahi bada, erraza da neurri batzuk bertan behera uztea».
Saio horretan oinarrituta, Foro Sozial Iraunkorrak hainbat irizpide proposatu ditu iheslari, deportatu eta preso eta iheslari ohien gizarteratzea errazteko; besteak beste, preso eta iheslari ohien «eskubide berdintasuna bermatzea», lan eta osasun arlokoak, eskubide zibil eta politikoak. Deportatuei dagokienez, «irtenbide juridiko bat artikulatzeko» beharra ikusi zuen. Edonola ere, hiru kolektiboentzat gauza bera eskatu zuen: preskribatzear dauden prozedurak «errepresio helburuekin» ez erabiltzea eta gizarteratzearen helburua ez izatea preso, iheslari eta deportatuen «despolitizazioa, menderakuntza edo umiliazioa».