Etxerat-ek alderdi eta koalizio guztiengana jotzeko asmoa duela azaldu du, preso eta iheslari politikoen eskubideen defentsan konpromiso zehatzak erdiesteko. Foru eta udal hauteskundeetarako bi hilabete eskas falta direla, «hitz politen gainetik» ekimen eta neurri zehatzak eskatuko dizkie elkarteak alderdiei. «Preso eta iheslariek pairatzen duten muturreko egoera amaitzeak haien agendan lehentasunezko lekua beharko lukeela uste dugu».
Hala, hauteskunde lehian parte hartuko duten alderdiekin interpelazio eta harreman erronda egin ostean lortutako konpromiso eta emaitzen berri emango dutela jakinarazi dute. Natxi Aranburu Etxerat-eko kidearen hitzetan, Euskal Herrian aro berri bat hasi da. «Testuinguru horretan, indarrean dagoen espetxe politika gatazkaren konponketa demokratiko baten klabeetan kokatu behar da».
Aranbururen arabera, «euskal jendarteak eskubideak urratzen dituen espetxe politika amaitzeanahi du». Gehienen borondatea presoek bizi dituzten muturreko egoerak atzean uztea dela esan du, sakabanatzea, bizi osoko zigorren aplikazioa, preso gaixoak ez kaleratzea eta bakartzea kasu. Hala, «herritarren nahiaren ordezkari diren heinean» alderdi eta koalizioei inplikazioa eskatu die, eta instituzioetan egin dezaketen lana oso garrantzitsutzat jo du.
Espetxe politikaren salaketak mugak gainditu dituela esan du Aranburuk. «Nazioarteko hainbat eragilek zein Nazio Batuetako ikuskatzaileek espetxe politikaren amaiera galdegin dute». Berriki nazioarteko harremanetarako lan taldearen eskakizuna bihurtu dela gaineratu du.
Bestalde, «ETAko kideei edo terrorismoaren akusaziopean» zigortutakoei egindako omenaldietan Poliziaren zaintza areagotzeko eskatu diote Legebiltzarrean PPk eta PSEk Rodolfo Ares Barne sailburuari; biktimentzat «lotsagarri eta umiliagarri» direla argudiatu dute. Bi alderdiok proposatutakoaren aurka azaldu dira EA eta Aralar, eta biktimekiko errespetua legeak ziurtatzen duela esan dute.
Etxerat alderdiekin bilduko da, konpromiso bila
Elkarteak dio «aro berrian» preso eta iheslarien egoerak amaitu behar duela konponbidea lortzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu