"Urteen poderioz, bere karga biderkatzen duten salbuespeneko kartzela politika baten ondorio fisiko, psikiko eta ekonomikoen helburua izaten jarraitzen dugu". 15 urtean beraien egoera ez dela konpondu ohartarazi ostean, egoera horrek "ondorio lazgarriak" dituela ekarri du gogora Etxerat elkarteak, 15. Nazio Batzarra amaitutakoan. Sakabanaketaren arduradunek neurririk hartu ez duten arren, "pertsona guztien giza eskubideen errespetua defendatzen duten indar politikoei" onartu egin diete "dispertsioaren arbuioak" espazioa berreskuratu duela.
Etxerat kezkatuta agertu da, bertako kideen ustez, "oso jende gutxik" dakielako zer den beraien elkartea. Horregatik, gauzak argi uzten saiatu dira: "Euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunak gara. Dispertsio politikaren ondorioak zuzenean pairatzen ditugun pertsonak gara. Etxerat gure elkartea da, beste edozein elkarte bezala, amankomuneko arazo bati aurre egiteko beharretik jaioa. Etxeraten asistentzia, aholkularitza eta laguntza aurkitzen dugu, gure sufrimendua lehen helburu duen kartzela politika baten kalteak hobeto jasateko".
Senitarteko eta lagun gisara ez ezik, "bake eszenatoki bat izateko euren eskubidea erreklamatzen duten hiritar gisa" ere eskatzen dute sakabanaketaren amaiera.
Bisitetan eta egunerokotasunean dituzten arazoak "denen artean" konpontzen saiatzen jarraituko dutela esan dute, eta ez hori bakarrik; gizartea informatzeko ahalegin berezia ere egingo dutela jakinarazi dute. Izan ere, beraiek argi dute: "bidaiatzeko erabakia gurea da, erantzukizuna ez".