Euskal presoak

Etxerat: «Bizi garen garai berria ez da islatu espetxe politikan»

Etxerat-ek presoen eta senideen egoeraren azken sei hilabeteko balantzea egingo du bihar Tolosan, ezohiko batzarreanPresoen sakabanaketa, bakartze eta «bizi guztiko zigorrak» salatu ditu elkarteak

Euskal preso eta iheslarien senide eta lagunen Etxerat elkarteak iazko azaroan Estibalitzen (Araba) egin zuten batzarrean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
2012ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
«Euskal Herrian bizi den garai politiko berria ez da islatu euskal presoei aplikatzen zaien espetxe politikan». Horixe da Etxerat elkarteak euskal presoek duten egoeraren inguruan atera duen ondorio nagusia. Euskal errepresaliatu politikoen senide eta lagunen elkarteak ezohiko batzarra egingo du bihar Tolosan (Gipuzkoa), eta bertan, indarrean dagoen «salbuespeneko espetxe politikaren» isla diren zenbait datu jasotzen dituen txostena ere aurkeztuko du, urte erdiko balantzea egiteaz gain. Izan ere, elkarteak dio azken hilabeteotan «malgutu» beharrean «gogortu» egin dela espetxe politika. Hala, presoen eskubideak errespetatuak izan daitezen, euskal gizarteari deia egin dio «esfortzua bikoiztu» eta indarrak batzeko.

Sakabanaketa

634 preso daude 88 espetxetan sakabanatuta: Euskal Herrian zortzi preso daude lau kartzelatan; Espainian, 470 preso sakabanatuta daude 47 espetxetan; eta Frantzian, 139 preso 31 espetxetan. Horiekin batera, Euskal Herrian 11 presok espetxeratze arindua dute gaixo daudelako, eta Italian ere egoera berean dago beste bat. Ingalaterra, Ipar Irlanda, Portugal eta Mexikoko espetxeetan euskal preso bana dago, eta Frantzian bi preso daude konfinatuta. Sakabanaketa politikaren ondorioz, preso gehienak Euskal Herritik 700 eta 1.000 kilometrora daude: 40 preso daude etxetik 1.000 kilometro baino gehiagora, 250 preso Euskal Herritik 700 eta 1.000 kilometro bitartera, 240 espetxeratuta daude 500 eta 700 kilometro bitartera eta 178 preso daude 400 kilometrora. Euskal Herrian soilik 19 preso daude.

Ondorioak senideengan

Espetxe politikak presoen senide eta lagunengan dituen ondorio latzen berri eman du Etxerat-ek: besteak beste, salatu du ez dietela jakinarazten euren hurkoak espetxetik aldatuak izango direla, eta bisitetan, maiz, polizia zakurrekin miatzen dituztela. Sakabanaketak ekartzen dien gastu ekonomikoa ere handia da: hilero 400 eta 600 euro artean gertu dauden espetxeetara bidaiatzeko, eta 1.300 euro inguru urrunago joateko. Urte hasieratik, gainera, hemeretzi senide eta lagunek izan dituzte istripuak joan-etorrietan.

Bakartzeak eta erasoak

Euskal presoei maiz ezartzen dieten zigorra da bakartzea. Etxerat-ek dioenez, presoarengan ondorio «latzak» izan ditzake neurri horrek. Une honetan Euskal Herrian Txus Martin eta Leire Martinez daude bakartuak( Zaballako espetxean);Espainian, Egoitz Garmendia (Alcala) eta Oihane Bakedano (Jaen); eta Frantzian, Julen Eizagirre eta Marian Aramendi (Joux la Ville), Jean Marie Saint Pee (Mont de Marsan), Ibai Peña (Muret Seysses), Mikel Almandoz (Tarascon) eta Juan Carlos Estevez (Toulon). Horrez gain, urtarrilaz geroztik sei euskal presok erasoak jasan dituztela salatu du Etxerat-ek.

Bizi guztiko espetxea

Espainia eta Frantziako gobernuek «bizi guztiko espetxe zigorrak» ezartzen dizkiete euskal presoei, Etxerat-ek dioenez. Egun, 95 presok hogei urtetik gorako espetxealdiak beteta dauzkate, 29 presok 25 urte baino gehiago daramatzate kartzelan, eta 20 eta 28 urte artean espetxean dauden preso gehienak 700 kilometrora baino gehiagora daude. Horri gehitu behar zaizkio espetxe zigorrak luzatzen dituen 197/2006 doktrina edo Parot doktrina ezarri dieten presoen kasuak: urtarriletik hona, hamar presori aplikatu diete doktrina hori. 2006an abian jarri zenetik, berriz, 80 presori ezarri diete Parot doktrina, eta gaur-gaurkoz oraindik hemezortzi preso daude Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenaren zain. Bestalde, Etxerat-ek gogorarazi du 169 presok zigorraren bi herenak edo hiru laurdenak beteta dauzkatela eta, hortaz, baldintzapean aske beharko luketela.

Espetxea eta osasuna

Egun hamalau euskal presok dituzte gaixotasun larri eta sendaezinak: Josetxo Arizkuren Ruiz, Txus Martin, Gotzone Lopez de Luzuriaga, Iñaki Etxeberria, Jesus Maria Mendinueta, Jose Angel Biguri, Iñaki Erro, Jose Miguel Etxeandia, Isidro Garalde, Aitzol Gogorza, Jose Ramon Lopez de Abetxuko, Josu Uribetxeberria eta Garikoitz Arruartek. Etxerat-ek nabarmendu du horien artean bereziki «larria» dela Txus Martin basauriarraren osasun egoera, eta ohartarazi du azken hilabeteetan okerrera egin duela. Gaixorik dauden presoen egoera larria den arren, hamalau presoetatik lau bakarrik daude Euskal Herrian.

Borrokaldiak

Jasaten dituzten «muturreko egoeren ondorioz», askotan borrokaldiak egin behar izaten dituzte euskal presoek, tartean, gose grebak. Aurten, zazpi presok egin dute gose greba: Itziar Morenok eta Oihana Garmendiak (Dijon), Ibon Goieaskoetxeak eta Borja Gutierrezek (Villepinte), Naia Lacroixek eta Zuhaitz Errastik (Gradignan) eta Eneko Goieaskoetxeak (Belmarsh). Baraualdiak eta itxialdiak ere maiz egiten dituzte euskal presoek.

Iheslari eta deportatuak

Euskal Herritik milaka kilometrotara eta «muturreko egoeratan» bizi dira ehunka iheslari, bereziki Hego eta Erdialdeko Amerikan, Etxerat-ek dioenez. Aurten bi iheslari hil dira erbestean: Jose Mari Aldasoro eta Luxiano Eizagirre Mariscal.

Gertakari nagusiak

Urte hasieratik hainbat ekitaldi egin dira presoen eskubideen alde: Frantziako Parlamentuak presoen gerturatzearen inguruan egindako adierazpena, kultura arloko 500 lagunek Madrilen egindako adierazpena eta Etxerat-ek Nafarroako eta EAEko arartekoekin eta Ipar Irlandako biktimen elkarteko komisarioarekin izan dituen bilerak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.