Etxerat-ek egokitzat jo ditu egindako bilerak, eta EAJren jarrera kritikatu du

Alderdi eta erakundeei gaixo larri diren presoen inguruko konpromisoak eskatu dizkie bilkuretan

Hodei Iruretagoiena
Donostia
2012ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Etxerat elkarteak egokitzat jo ditu EH Bildu koalizioarekin, Ezker Anitza alderdiarekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta EAEko ararteko Iñigo Lamarkarekin egindako bilerak eta horietan lortutako konpromisoak. Bereziki, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren parte hartzea nabarmendu dute, hark Uribetxebarriari egindako bisita gogora ekarriz. Larri diren presoen askatasuna bultzatzea izan du helburu Etxerat-en bilkura sailak.

EAJk, PSOEk, PPk eta UPDk, ordea, ez diote erantzun Etxerat-en eskaerari, Mattin Troitiño bozeramaileak azaldu duenez. Gainera, Troitiñok salatu du Espainiako Gobernuak eta haren «laguntzaile zuzenek» eraman dutela Josu Uribetxebarria heriotzaren atarira. «Laguntzaile zuzentzat» jo du Etxerat-ek EAJ ere. Gogoratu du Uribetxebarriari 2007an askatasun eskaera ukatu ziotela, eta esan du horrek ekarri duela presoaren egoerak bueltarik ez izatea.

Oinarrizko giza eskubideei alderdi interesak lehenestea egotzi dio Etxerat-ek EAJri. Troitiñok azaldu du Joseba Egibar GBBko buruarekin izan direla harremanetan, baina, hasieran hitza eman arren, jeltzaleek ez diotela erantzun bilkura eskaerari. PP, PSOE eta UPDri dagokienez, Troitiñok esan du nabarmen geratu dela alderdi hauek «sufrimendua eta heriotza besterik ez dakarren espetxe politikaren defendatzaile amorratuak» direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.