Etxerat-ek nabarmendu du euskal gizarteak lortu duela «Ibon Iparragirre askatzea»

Elkarteak salatu du Iparragirreren egoera «muturrera» eraman dutela eta haren bizia «arriskuan» egon dela

Mattin Troitiño —Etxerat— eta Angelita Burgoa —Ibon Iparragirreren ama—, agerraldi batean. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
joxerra senar
Iruñea
2011ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Ibon Iparragirre preso ondarroarrak bigarren gaua egin du etxean. Iparragirre larri dagoela eta, Espainiako Espetxeetarako Zuzendaritza Nagusiak erabaki zuen espetxe zigorra etxean pasatuko duela. Hori dela eta, Etxerat elkartea pozik azaldu da, Iparragirre etxera itzuli delako.«Nahiz eta espetxe arinduak hainbat muga ezarri, berriz ere lagunen eta senideen artean da, eta aurrerantzean espetxean zituen baino bizi eta osasun hobeak izan ahalko ditu», arrazoitu du. Era berean, Etxerat-ek nabarmendu du euskal gizarteak lortu duela «Ibon Iparragirre askatzea».

Aspaldidanik, Ibon Iparragirre Giza Immuno-eskasiaren Birusak kutsatuta dago, baina espetxean haren osasunak okerrera egin du, eta urriaren 11n Basurtuko ospitalera eraman zuten. Etxerat-ek azpimarratu du bere defentsek «hondoa jo arte» ez zutela ospitalera eraman nahi izan. Etxerat-ek azaldu du sukarra nabarmen igo eta biriketako infekzioa izan arte espetxean izan zutela. Etxerat-en irudiko, Iparragirreren egoera «muturrera»eraman dute, eta haren bizia «arriskuan egon da».Horren erakusle, ospitaleratu baino egun batzuk lehenago, egoeraren larritasunaz ohartarazi zion iritzi publikoari Jaiki Hadi sendagileek eta psikologoek osatutako elkarteak prentsaurreko batean. Sendiak ere mezu hori zabaldu zuen ospitaleratua izan aurretik.

Iparragirre Basurtuko ospitalean zela Ertzaintzaren aldetik jasotako tratua kritikatu du Etxerat-ek. «Ospitalean egon den bitartean, polizia autonomikoaren jarrerak mendekua izan du oinarri, eta ez ditu errespetatu Ibon Iparragirreren eskubideak». Etxerat-en arabera, «ez diote arropa garbirik eman, poliziei baimena eskatu behar izan die komunera joateko, eta hirugarren egunera arte ezin izan du senideen bisitarik izan».

Nabarmendu duenez, Iparragirrek berak bere borondatez senda agiria eskatzera derrigortuta ikusi du bere burua: «Izan ere, nahiz eta baldintzapeko askatasunean geratzeko dokumentu eta instantzia guztiak izan, oraindik ere polizia autonomikoak bere askatasunerakotrabak jartzen jarraitu baitzuen».

Ibon Iparragirre «heriotzaren atzaparretatik» aldentzeko meritua euskal gizartearena dela dio. «Horrela behar du. Indar metaketak eta espetxe politikaren etengabeko salaketak leku propioa eta zentrala behar du euskal jendartearen agendan».

Azkenik, Iparragirre etxean dela-eta «bereziki pozik» daudela azpimarratu ostean, Etxerat-ek esan du oraindik ere badirelagaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoak. Bereziki larritzat jo du, adibidez, Txus Martin basauriarraren kasua. Era berean, gogorarazi du presoen %25ek osasun arazoak dituzte- la.

Antsoaingo bi gazte, aske

Antsoaingo Fermin Martinez eta Artzai Santestebanek Alcala Mecoko eta Herrerako espetxeak utziko dituzte gaur, bakoitzak 10.000 euroko bermea ordaindu eta gero. 2009ko azaroan, Segiko militante izatea egotzita, Euskal Herri osoan 34 gazte atxilotu zituzten poliziek, baina bi gazteok polizia operazio hartatik ihes egitea lortu zuten. Gerora, iazko ekainean, Erroman atxilotu zituzten, prentsaurreko bat ematear zirenean. Italiatik Espainiara igorri zituzten, eta gaurdaino espetxean egon dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.